IV. Bilboargazkik argazkigintzearen uriburu bilakatuko dau Bilbo

Bizkaie! 2010-09-28 15:36   jardunaldiak

Estaduko eta atzerriko argazkilarien zortzi erakustaldi, oso estilo eta gai anitzetakoak, ukutu fantastikoak dituan argazkigintzatik argazkigintza sozial edo errebindikatzailera edo argazkigintza artistikora, bisitau ahal izango dira gure uriko hainbat lekutan, urriaren amaiera bitartean

Bilboargazki argazkigintzearen arteak eskaintzen dituan aukera zabalez jaubetzeko era bikaina da, programautako erakusketetan egongo diran erreferentzia estetikoen eta edukien ugaritasun handia dala eta. Estaduko eta atzerriko argazkilarien zortzi erakustaldi, oso estilo eta gai anitzetakoak, ukutu fantastikoak dituan argazkigintzatik argazkigintza sozial edo errebindikatzailera edo argazkigintza artistikora, bisitau ahal izango dira gure uriko hainbat lekutan, urriaren amaiera bitartean, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak bultzatu eta BBK-k laguntzen dauen Bilboargazkiren barruan. Ekimenak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoa izango dau.

Hilebetez Bilbo argazkigintzearen uriburu bilakatu nahi dauen programearen barruan, nazinoartean izen handiko zenbait artistagaz hartu-emon zuzenak be sartzen dira. Artista horreen artean dago, besteak beste, Raul Villalba argentinarra. Maisu hitzaldiak eta argazkigintzearen zenbait alderdiri buruzko tailerrak emongo ditue, hasiera zein hobekuntza mailan.


Erakusketak

- Raul Villalba Arte fantastikoa. Buenos Airesen jaiotako argazkilari autodidakta argentinar honek argazkigintzearen alor guztiak landu ditu, publizidadea, erretratuak, ilustrazinoa, argitaletxeak, etab. eta nazinoarte mailako argazkilaririk onenetakoa da. Arte fantastikoa erakusketeak amesen, magiaren mundua, artistearen barruan dagoan izaera onirikoa, erakutsi nahi dau. Castañoseko udaltegian (Castaños kalea, 11) egongo da ikusgai urriaren 1etik 15era.

- XXX. Argizaiola Saria 2010. Euskadiko lehiaketa beteranoetako batean aurkeztutako lanen aukeraketea. Bertan argazki irabazlea eta hiru akzesitak egongo dira ikusgai, lehiaketara aurkeztutako beste zenbait argazkigaz batera. Abando-Barrainkuako udaltegian (C/Barrainkua, 5) egongo da urriaren 18tik 29ra.

- 1,20 metrotik Haurren eskubideak beraien garaieratik ikusita. 1,20 metrotik lehiaketatik sortutako talde erakusketea. Lehiaketa horretan, mundu osoko ia mila argazkilarik, horreetako batzuk nazinoartean izen handia dabenak, bizitza ume baten ikuspegitik erakusten dabe. Ezaugarri nagusia umeen altuerea da eta altuera horrek emoten dauen ikuspegiagazko errespetua bilatzen da. FNAC-eko erakusketa aretoan dago ikusgai (Urkixo etorbidea, 4) urriaren 14ra arte.

- Jorge López Barredo Txernobilgo umeak. 1972an Sestaon jaiotako argazkilari honek hamar urte baino gehiago daroaz argazkigintza eta argiztapen zinematografiko teknikari moduan dauen lana konbinatuz. Bere azken lan honetan, hondamendi nuklear batek jotako ingurunean bizi diran personek sentiduten daben horretara eroan nahi ditu ikusleak. FNAC-eko erakusketa aretoan egongo da (Urkixo Zumarkalea, 4) urriaren 15etik 30era.

- Feng Xiaohui. Argazkilari Txinatarren Alkarteko Kideak eta Txinako argazki eakarteko zuzendari akademikoak, Txinaren ikuspegi personala eskainiko deusku. Burtsako udaltegian (Pilota kalea, 10), urriaren 19tik 30era.

- Joseba Ibarra Begiratu bat arkitekturari. Artista inkonformista honek argazkigintzearen artearen eremu guztiak ikertzen ditu, beti be argiaren, itzalen eta bolumenen magiagaz jolastuz. Erakusketea EHUko Erakusketa Aretoan bisitau ahal izango da (Espainiako Bankua kalea, 2) urriaren 4tik 31ra.

- Argazkilari gazteak: Ibai Armentia Garaje baten erretratua. Erakusketa honegaz jarduera barri bati hasierea emongo jako. Jarduerearen helburua, zeozelako proiekzinoa daben argazkilari gazteen lehenengo lanak ezagutarazotea da. Erakusketea Iruña kafean (Albiako Lorategia, z/g) ikusi ahal izango da urriaren 4tik 31ra.

- Rafa Herrero (Argizaiola 2009 sariketaren irabazlea) Paisaia minimoak. Espacio de los Mundos Erakusketa Aretoan (Simon Bolivar kalea, 17) ikusi ahal izango da urriaren 5etik 31ra.


Berbaldiak

Bilboargazkiren programazinoa hiru berbaldigaz eta argazkigintzeari buruzko hiru tailerrekaz osotzen da. Lehenengo berbaldia urriaren 1ean eskainiko dau Raul Villalba argazkilari argentinar ezagunak. Bertan, bere lan metodologiari buruz egingo dau berba, Arte fantastikoa erakusketearen inaugurazinoagaz bat eginez. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Castañoseko Udaltegian.

Bigarren berbaldia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak, BBK Fundazinoagaz alkarlanean, argitaratzen dauen Euskal Argazkilariak bildumearen bosgarren alearen inguruan zentrauko da. Oraingoan Joseba Ibarraren Begiratu bat arkitekturari bildumeari eskainita egongo da. Ekitaldia urriaren 4an izango da, arratsaldeko 19:00etan, EHU-ko Erakusketa Aretoan.

Azken buruan, Jorge López Barredok Txernobilgo Umeak liburua aurkeztuko dau. Aurkezpena urriaren 15ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, FNAC-eko Erakusketa Aretoan, izen bereko argazki erakusketearen inaugurazinoagaz bat etorriz.


Tailerrak

Aurreko edizinoetan antolatutako ikastaroek izan daben harrera bikaina dala eta, aurten be umeei (8 eta 14 urte artekoei) zuzendutako argazkigintza hastapeneko ikastaroa izango da. Izen-emoteak 20 euro balioko ditu, eta prezio horren barruan, 5 MB-ko argazki kameraren oparia eta urriaren 24an Bilboko Alhondigan, goizeko 10:30etatik aurrera, eskainiko dan hiru orduko ikastaroa eta argazkiak egiteko kalera urteera bat sartuko dira. Ondoren, ataratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira.

Raul Villalbak emongo dauen bigarren tailerrean, ordenagailu bitartez bere artelanak sortzeko erabilten dauen metodoa zehatz-mehatz ezagutzean oinarrituko da. Ikastaroa urriaren 2an egingo da, egun osoan, eta bazkaltzeko atsedenaldia egongo da. Barrikuntza moduan, aurten programearen barruan EOS kameretarako HD bideoari buruzko tailerra be eskainiko da, Canon etxeak babestua. Julio Gómezek (argazkilaria eta HDn espezializautako kamarografoa eta gidoilaria) eskainiko dauen ikastaroak, EOS kamaren Definizino Altuko bideoak, bideo ikusgarriak sortu ahal izateko, dauen potentzial osoa aztertuko dau. Tailer hori urriaren 16an egingo da.

Tailer guztietan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago, eta www.federacionfotovasca.org webgunearen bitartez egin ahal izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu