Luis Arana Goiriren (1862-1951) gaineko azterlana plazaratu dau Sabino Arana Fundazinoak

Bizkaie! 2010-09-23 18:15   kulturbiz

Euskal nazionalismoak mobimentu politiko moduan izandako sorrera eta garapena ulertu nahi badira, nahitaezkoa da Jean-Claude Larronde historialariaren Luis Arana Goiriren (1862-1951) gaineko azterlan hau.

Euskal nazionalismoak mobimentu politiko moduan izandako sorrera eta garapena ulertu nahi badira, nahitaezkoa da Jean-Claude Larronde historialariaren Luis Arana Goiriren (1862-1951) gaineko azterlan hau. Izan be, orain artean, inork be ez dau egin, EAJ-PNVren sortzailekidea —bere anaia Sabino Aranagaz batera— izan zanaren bizitza eta ibilbide politikoaren azterlan zehatzik. Orain, bada, eta haren ondorengoen, batez be beraren iloba Iñaki Aranaren ekinari eta Jean-Claude Larronde historialariaren profesionaltasunari esker, Sabino Arana Fundazinoak obra hau argitaratu dau.

Liburua biografia baino askoz gehiago da. Bertan zehatz-mehatz azaltzen da euskal abertzaletasunaren historia, hasieratik eta Gerra Zibilera arte, eta Luis Aranak berak sortzen hainbeste lagundu eban mobimentu politiko horren gorabehera guztiak be kontetan dira. Beharbada, Juan Mª Atutxa Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak hitzaurrean esan bezela, liburu hau 'euskal abertzaletasunaren hasiera-garaiei buruz orain artean inoiz idatzi dan saiakera historikorik onena da, bai zorroztasunagaitik eta iturri ezezagun ugariren tratamendu zabalagaitik, baita interpretazinoagaitik be. Oso nabarmentzekoa da, Larronderen lanak, hasiera batean biografia bat izango zalarik, euskal abertzaletasunaren lehenengo urteetako jazoera nagusiez eta euren protagonistez orain artean egindako deskribapenik zehatzena eskaintzea'.

Ikerlanak orain arte argitaratu bako datu eta kontu asko ekarri ditu agirira. Jean-Claude Larrondek hainbat eta hainbat iturri kontsultau ditu, batzuk orain artean sekula argitaratu bakoak (posta-trukea gehienbat), edo ez behar beste kontsultatuak (esate baterako, sasoi haretako prentsa), baita edozein informazino garrantzitsu gorde leikien dokumentu guztiak be: parrokia-liburuetan jasotako bataio-datuak, ezkontzenak nahiz heriotzenak, testamentuak, erregistro zibilak, eta are bisita-txarteletan data eta guzti idatzitako oharrak be; holakoak Historiarako berreskuratu ahal izan dira, Larrondek ikertzaile moduan dauen profesionaltasunari esker.

Eta horren guztiaren emoitzea da liburu hau, EAJ-PNVren barruan garai eta inguruabar desbardinetan bere gain ardura garrantzitsuak hartu zituan Luis Arana gogorarazoz; baina, horrezaz gan, historiografiarentzat Luis Arana barri bat be topau dogu: errealagoa eta ulergarriagoa, etiketarik eta klixerik bakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu