Huelvako eta Kadizeko azken garaietako kantea protagonista VII. Una Ria con Duende Flamenko jaialdian
2012-09-05 17:20 kulturbizVII. Flamenko Topaketak irailaren 8tik 30ra bitartean izango dira, 5. barrutiko (Ibaiondo) zenbait eszenatokitan (La Concordiako geltokia, San Frantziskoko eta Burtsako Udaltegiak eta Eleizbarrutiko Museoa).
Aire eta erritmo flamenkoek, Huelvako eta Cadizeko egungo kanteak, batez be, Bilbo beteko dabe barriro be, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Sonikete alkarteagaz batera, antolatutako Topaketa Flamenkoen barruan egingo dan Una Ría con Duende jaialdiaren seigarren edizinoagaz. Gaur Bilbon aurkeztu daben ekimena gure uriko kultur hitzordu nagusien artean finkatu da, konbidautako artisten kalidadearen zein, gero eta anitzagoa dan eta arte horren adierazpen guztiak berotasunez hartzen dituan ikus-entzule kopuruaren ondorioz.
VII. Flamenko Topaketak irailaren 8tik 30ra bitartean izango dira, 5. barrutiko (Ibaiondo) zenbait eszenatokitan (La Concordiako geltokia, San Frantziskoko eta Burtsako Udaltegiak eta Eleizbarrutiko Museoa).
Aurreko urteetan lez, topaketa horreetan bat egingo dabe jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo tailerrek eta nazino mailako artista azpimarragarrien zein gorako bidean doazen artisten emonaldiek. Azken horreen artean dagoz Pedro Chaparro, Juan Manuel Morote eta Angel Tala musikariak buru dituan Barrio Viejo flamenko taldeko kideak. La Concordia-FEVE geltokian irailaren 8an (20:00etan) gozau ahal izango dan taldearen lan artistikoak, musika mota horretako oinarrizko estiloetatik eginiko ibilbidea erakusten deusku eta, eurak adierazoten daben lez, konpasaren eta airearen garrantzia transmitiduten ahaleginduko dira, horreek baitira arte horren benetako oinarriak.
Una Ría con Duende jaialdiaren egitarauak leku bat gordeten deutso beti bertako flamenko adierazpenari. Aurten, Juanjo Calderón kantaore gasteiztarra izango da geugaz. Juanjok, bere ohiko gitarra jotzaileak, Javier Antoñanak, lagunduta, bere musika proiektua erakutsiko deusku irailaren 15ean (arratsaldeko 20:00etan), Eleizbarrutiko Museoan.
Aurreko edizinoetan lez, jaialdiak Emakumea eta flamenkoa sekzinoa programau dau. Aurten, Huelvako Peña Flamenca femenina izango da protagonista. Flamenkoaren panoraman 12 urte baino gehiagoko ibilbidea egin dauen talde horrek, flamenko munduaren aintzatespena eta errespetua irabazi dau, talentuaren, lanaren eta jakituriaren bitartez, flamenkoa gizonen kontua dala esaten dauen beste garai bateko hesi hori gainditzea lortu dauelako. Euren proposamen artistikoa irailaren 22an, arratsaldeko 20:00etan, helduko da Burtsara.
Huelvako kanteetatik Kadizkoetara. Horreek izango dira Una Ría con Duende jaialdiaren VII. edizinoari amaierea emongo deutson Así canta Caí ikuskizunaren protagonistak, domekan, irailaren 30an, arratsaldeko 20:00etan, Bilborock aretoan eskainiko dan programa bikotxagaz. Ikuskizunean Miguel Rosendo eta Keko Baldomero kantaoreak izango dira alde batetik, eta David Palomarren taldea, bestetik.
Prestakuntza tailerrak
Jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo tailerrak izango dira, aurten be, Bilboko Flamenko Topaketen jarduera azpimarragarrienetakoak. Tailer horreetarako aurreinskripzinoa udal webgunearen (www.bilbao.net) edo 010 udal telefono zenbakiaren bitartez egin behar da; epea joan dan astelehenean, irailaren 3an, hasi zan, eta datorren barikuan, irailaren 7an amaituko da.
Tailer bakotxa egiteko matrikulea 25 eurokoa izango da, baina ikasleek, erretiratuek eta langabezian dagozan edo oinarrizko errentea jasoten daben personek beherapenak izango ditue.
Programa didaktikoa irailaren 10ean hasiko da. Egun horretan, aurrerago egingo diran jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo flamenko tailerren sarrera jardunaldiak izango dira. Topaketa horreek, zeozelako musika eta flamenkoaren oinarrizko ezagutza daben eta jaialdiak eskaintzen dituan tailerren aurrean interesa daben personei dagoz zuzenduta. Helburua, bertan parte hartzen daben lagunek kante, gitarra eta perkusino flamenkoaren erritmo eta melodia oinarriak eta jantzearen funtsezko mobimentuak ikastea da.
Sarrerako saio horreetarako ez da aurretik izenik emon behar, eta San Frantziskoko Udaltegian egingo dira, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
Sarrerako jardunaldien ondoren, tailerrak irailaren 11n, hasiko dira, San Frantziskoko Udaltegiko Auditorioan, José Antonio Álvarez Montañak zuzendutako txalo eta konpas klaseakaz. José Antonio Álvarez Montaña ohiko artistea da Jerez de la Fronteran gauzatzen diran ia musika proiektu guztietan. Artisteak oso musika ibilbide emonkorra izan dau eta, holan, bere lekua topau dau Navajita Plateá eta Diego Carrasco lako proiektu garrantzitsuetan.
Gitarra tailerra José Carlos Carmonak emongo dau. Gitarrea jotea egunero elikatzen daben teknikak eta ariketak azaltzen ahaleginduko da, gitarra modernoaren egungo formak azpimarratuz.
Adriana Bilbao Zarraonaindia izango da jantza flamenko tailerren arduraduna. Hastapen ikastaroa irailaren 17tik 19ra eskainiko da (arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara) eta sakontze mailakoa irailaren 20an eta 21ean (arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara) eta irailaren 22an (goizeko 11:30etatik 13:30etara), San Frantziskoko Udaltegian. Jantzeari bihotza eskaintzeaz gan, geneek be badabe zerikusia, eta hemen hori nabarmena da. Adrianak, Zarra aitita futbolariak bezela, oso oin indartsuak ditu, eta eurekaz konpasean jolasten dau. Baina Adrianaren zaletasuna ez da kapritxo hutsa; hamabi urte daroaz flamenkoa ikasten, eta bere unibertsitate karrerea be Malagan ikasi eban, jantza flamenkoaren ikasketakaz bateragarri izateko.
Irailaren 27tik 29ra bitartean, San Frantziskon oraingoan be, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, kante flamenko tailerra hasiko da, Víctor Palaciosen eskutik. Tailer horretan, flamenkoan ahotsaren erregistroak lantzeko dagozan erak aurkeztuko dira, baita kante libreetan ahotsak izan beharreko modulazinoa eta biraketak be.
Bestelako jarduerak
Aurten, Bilboko Ibaiondoko Barrutiko Flamenko Topaketek bestelako zenbait jarduera be batuko ditue eta horreen artean pintxo flamenkoen zirkuitu/lehiaketea azpimarratu behar da. Proposamen horrek aisia eta kulturea buztartu nahi ditu. Lokal bakotxak pintxo flamenkoa egin beharko dau, flamenkoaren estiloetako bat gogoratuko dauena, antolatzaileek emondako materialetan oinarrituz. Bezeroak izango dira, puntuazino sistemea erabiliz, lehiaketea irabaziko dauen pintxoa aukeratuko dabenak.
Programautako emonaldi guztiak dobakoak izango dira, tailerrak (25 euro, beherapenagaz erretiratuentzat eta lanbakoentzat) eta Así canta Caí, ikuskizuna izan ezik. Ekitaldi horretarako sarrerak 15 euroan salduko dira Bilborock aretoko txarteldegietan (astelehenetik zapatura, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 21:00etara bitartean), eta Power Records disko/komiki dendan (Villarías, 4). Sarrerea dobakoa izango da Kultura 18 txartela dabenentzako.
Flamenko Topaketen helburu nagusia gure uriko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurreratzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko dauen gaitasun handia da. Euskadin eskola asko eta flamenko barruko diziplinen jarraitzaile asko dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!