Agur eta ohore, Jose Antonio Labordeta
2010-09-20 11:57 kulturbizJose Antonio Labordeta bart hil da, 75 urte zituala, prostatako minbizi baten ondorioz. Azken egunetan Zaragozako Miguel Servet Ospitalean ingresauta egoan eta bertan hil da.
Jose Antonio Labordeta (Zaragoza, 1935eko martiak 10) bart hil da, 75 urte zituala, prostatako minbizi baten ondorioz. Azken egunetan Zaragozako Miguel Servet Ospitalean ingresauta egoan eta bertan hil da.
Hil-kapera atzotik dago zabalik Aljaferiako Jauregian, Aragoiko Gorteetako egoitzan, eta honezkero 26.000 lagunek bisitau dabe. Labordeta martitzenean, irailak 21, erraustuko dabe.
Zaragozako Udalak hiru dolu-egun deitu ditu martitzenera arte. Marcelino Iglesias Aragoiko Gobernuko presidenteak hil osteko Aragoiko Medailea emongo deutsela iragarri dau.
Irakaslea izan zan Labordeta eta hainbat hamarkadatan, musika, politika eta telebista arloetan be ibili zan.
1974an, Cantar y Callar (bere lehenengo diskoa) kaleratu eban eta, Frankoren diktadurearen ostean, demokraziagaz konpromisoa agertu eban ahotsetako bat izan zan.
90eko hamarkadan 'Un país en la mochila' (TVE) erreportaje-sorta arrakastatsua aurkeztu eban eta bere bizimoduko beste ikuspegi bat ikusi zan.
Labordeta Chunta Aragonesistako diputadua izan zan Aragoiko Gorteetan eta Kongresuan (azken honetan bi legealditan, 2000tik 2008ra).
Horrezaz ganera, poesiak, nobelak eta eretxi artikuluak zein bidaietakoak idatzi zituan.
Lan-ibilbideari omenaldia
'Aitite' ezinenez ezaguna, 2008ko zemendian bere lan-ibilbidea autortu eutsien Zaragozan, Principal antzokian.
'Creación, compromiso y memoria' liburua aurkeztu eban Labordetak ekitaldi horretan, eta Aragoiko erakundeetako hainbat ordezkari eta artista izan ziran, besteak beste, Ana Belen, Victor Manuel, Pilar Bardem, Rosana eta Carmen Paris. 'Canto a la libertad' abestuz emon eutsen amaierea omenaldiari.
Doctor Honoris Causa
Dozena bat sari jaso zituan Labordetak. 2010eko urtarrilean, Celestino Corbacho Lan ministroak, Espainiako Gobernuaren izenean, Arteen Saria eta Lan Merezimenduaren Urrezko Dominea emon eutsen Zaragozan bizi dan etxean.
Martian, Zaragozako Unibersidadeak Doctor Honoris Causa izentau eban 'izaera unibersala izateagaitik eta hezkuntzeagazko, kultureagazko eta herriagazko konpromisoa izateagaitik'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!