Flamenkoa Bilbon iraillaren 11tik urriaren 2ra V. 'Una Ria con Duende' topaketen barruan
2010-09-08 15:40 kulturbizBilboko Berreginen Museoak Una ría con duende programako aurtengo edizinoko emonaldi garrantzitsuenetakoa jasoko dau irailaren 23an, 19:30ean, musika flamenkoaren barruan benetako erreferentzia dan José María Molero gitarrista eta musikagilearen eskutik.
Bosgarren urtez jarraian Bilbo aire eta erritmo flamenkoz beteko da, Una Ría con Duende programea tarteko dala, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Sonikete alkarteagaz alkarlanean, antolatu dituan Flamenko Topaketen barruan.
Flamenko Topaketak irailaren 11tik urriaren 2ra bitartean izango dira, 5. barrutiko (Ibaiondo) zenbait eszenatokitan (FEVE-ren La Concordiako geltokia, Berreginen Museoa, San Frantziskoko eta Burtsako Udaltegiak eta Elizbarrutiko Museoko klaustroa), eta, ohikoa danez, jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo tailerrakaz batera, artista handien emonaldiak be eskainiko dira, Chúa Alba jantzari granadarrarena edo Huelvako Regina abeslariarena, besteak beste. Bi artista horreek amaiera ekitaldian izango doguz, Bilborock La Merced-eko eszenatokian, urriaren 2an (20:00etan), saio bikotxean, Emakumea eta flamenkoa zikloaren barruan.
Jaialdiak bertako flamenko adierazpenari be lekua eskainiko deutso, izan be, gero eta zale gehiago eta jantza eskoletara eta bestelako musika diziplinetara lotutako jente gehiago erakarten dau. Flamenkoaren balio barriek be euren lekua izango dabe eta programeari hasierea emoteko, datorren zapatuan, hilaren 11n, La Guindak (Granada) kontzertua eskainiko dau. Talde horrek kante eta jantza palo klasikoen errepertorio zabala eskainiko deutse Bilboko ikus-entzuleei, banberak, alegriak, farrukak, kupleak edo granainak, beti be estilo pertsonalagaz interpretauta. Ikuskizuna arratsaldeko 20:00etan hasiko da, FEVE-ren La Concordiako geltokiko atarian.
Programa didaktikoa irailaren 13an hasiko da. Egun horretan, aurrerago egingo diran jantza, gitarra, kante eta txalo-erritmo flamenko tailerren sarrera jardunaldien txandea izango da (sarrera jardunaldiak dobakoak izango dira). Tailerrotako irakasleak ondokoak izango dira: Lidia Pousa (jantza), Aitor Ayesta (gitarra), Eduardo Florido (kante) eta Ander Sánchez (txalo-erritmo flamenkoa). Helburua da parte-hartzaileek kante, gitarra eta perkusino flamenkoaren erritmo eta melodia oinarriakaz eta jantzearen funtsezko mobimenduakaz lehenengo hartu-emonak izatea da. Sarrerako saio horreetarako ez da aurretik izenik emon beharko, eta San Frantziskoko Udaltegian egingo dira, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
Aurreko urteetan legez, prestakuntza tailerrak izango dira Flamenko Topaketen aurtengo edizinoaren ardatz nagusietako bat. Sarrerako jardunaldien ondoren, irailaren 14an hasiko dira tailerrak San Frantziskoko Udaltegian, Sonikete alkarteko Marco Borge gitarra jotzaileak emongo dauen gitarra flamenko klaseakaz. Tailer horren helburua gitarra jotzaileak sorkuntza lanean dauen esperientzia sakon aztertzea da. Horretarako, ikuspegi hori, flamenkoaren gitarra jotearen baliabide teknikoak eta estilistikoak zabaltzera bideratutako ariketa errazakaz osotuko dau.
Carmen Camacho jantzari malagatar gazteari jagokonez, irailaren 20tik 22ra bitartean, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara bitartean egingo dan jantza flamenko tailerra eskainiko dau San Frantziskoko Udaltegiko Ispiluen Aretoan. Carmen Camacho, Malagako Maila Goreneko Jantza Kontserbatorioan lizentziatua da Flamenkoaren Koreografiaren modalidadean eta Sara Barasen konpainiako partaidea da 2010ean Esencia ikuskizunagaz egiten dagoan biran.
Irailaren 23an, San Frantziskon, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, kante flamenko tailerra hasiko da. Tailerra, María del Mar Fernández kantari gazte cadiztarrak eskainiko dau. Irailaren 24an eta 25ean jarraipena izango dauen ikastaro honetan, partaideek ahots erregistro desbardinak ezagutu eta esperimentau ahal izango ditue, konpas gehien daben estiloetan. María del Mar Fernándezek, gainera, Paseo por los cantes izeneko kontzertu didaktikoa eskainiko dau Zazpi Kaleetan dagoan Burtsako Udaltegian (zapatuan, irailaren 25ean, arratsaldeko 19:30ean).
Bestetik, partaide gehien izaten dauen ikastaroetakoa dan txalo eta erritmo flamenkoen tailerra Gaizka Baena eta José ‘Murci’ bilbotarrek eskainiko dabe. Gainerako tailerrak bezela, San Frantziskoko udaltegian eskainiko da, irailaren 29an eta 30ean (arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara) eta urriaren 1ean (arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara).
Tailer eta ikastaro guztiei amaiera ederra emoteko, V. flamenko topaketetan programau diran tailerretako partaideek jentaurreko entzunaldia eskainiko dabe urriaren 1ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, San Frantziskoko udaltegiko auditorioan.
Emonaldiei jagokenez, Bilboko Eleizbarrutiko Museoko Klaustroak, tokiko flamenko jardunaldia jasoko dau irailaren 18an (19:30etan). Jardunaldi horren barruan Juan José Navas kantari bilbotarraren Flamenco junto a un olivo emonaldia ikusi eta entzuteko aukerea izango da.
Bilboko Berreginen Museoak Una ría con duende programako aurtengo edizinoko emonaldi garrantzitsuenetakoa jasoko dau irailaren 23an, arratsaldeko 19:30ean, musika flamenkoaren barruan benetako erreferentzia dan José María Molero gitarrista eta musikagilearen eskutik. Ospe handiko musikari honek, musika ondare batean baino gehiagotan esperientzia dauen Tabanco taldea zuzenduko dau oraingoan.
Programautako ekitaldi guztiak dobakoak izango dira, Chúa Albak eta Reginak eskainiko daben ikuskizun bikotxa izan ezik. Ekitaldi horretarako sarrerak 15 euroan salduko dira (dobakoa izango da Kultura 18 txartelaren titularrentzat). Prestakuntza tailerrei jagokenez, matrikulea 25 eurokoa izango da —beherapenak egongo dira langabezian dagozan eta oinarrizko errentea jasoten daben lagunentzat—. Beharrezkoa izango da aurretik izena emotea, udaleko webgunean (www.bilbao.net) irailaren 12a baino lehen. Eskaria eskainitako plazen kopurua baino handiagoa danean, Bilbon eta barrutian erroldautako personek izango dabe lehentasuna zozketan.
Flamenko Topaketen helburu nagusia gure uriko biztanleei musika genero horren erritmo biziak eta energiaz betetakoak hurreratzea da. Flamenkoaren ezaugarri nagusietakoa mota guztietako kultur eraginak bereganatzeko dauen gaitasun handia da. Euskadin eskola asko eta flamenko barruko diziplinen jarraitzaile asko dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!