EAEtik pasetan dan Done Jakue Bideari lotutako 700 ondasun sailkatu babestuko dira

Bizkaie! 2010-08-30 12:29   kulturbiz

'Bazterrean laga dogu kultur ondasunei buruzko ikuspegi estatiko eta isolatua; orain, ibilbidea elementu dinamiko eta bizia da, bidea sortu eben herrien eta egungo herrien bizitza sozialaren funtsezko osogaia'

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegotik pasetan dan Done Jakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izentetako espedientea abiarazo dau. Espediente hori abiarazoteak zehaztuko dau, bai Done Jakue Bideari jagokonez bai bideari atxikitako ondasunei jagokenez, zelan aplikauko dan behin-behinean 700 ondasun sailkatu horreetan Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean jasoten dan babes-araubidea.

Bidearen ibilbide fisikoa da bertan agertzen diran elementu eta ondare-multzoak paisajean barruratzen eta batzen dituan bizkarrazurra, osotasun bakarra eratzea lortzen dauena. Osotasun hori, hain zuzen, bidearen ertzetan mendez mende sortu dan kultur ondarearen adibide da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik adierazo dabenez.

Horregaitik, EAEtik pasetan dan Done Jakue Bidearen zatiak dauen interes historiko eta kulturala ikusita, Kultura Sailak EAEtik pasetan dan Done Jakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izentetako espedientea abiarazo dau. Horregaz bat, beraz, Euskal Kultur Ondarearen Legean jasoten dan babes-araubidea behin-behinekoz aplikauko jake Done Jakue Bideari lotutako 700 ondasun sailkaturi.

Kontuak kontu, abiarazotako espedientea jentaurrean jarteko epea ezarriko da, eta ebazpenaren barri emongo jake Done Jakue Bidea bertatik pasetan jaken udalerrietako udalei; Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirolen Sailari, Tokiko Administrazinoaren Sailari eta Lurralde Orekaren Sailari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Garraio eta Urigintzako sailei; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera Sailari, eta Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.

Done Jakue Bidea multzo historiko-artistiko izentau eben 1962an eta, gero, 2000. urtean, Monumentu Multzoko kategoriako Kultur Ondasun izentau eben EAEtik pasetan dan Done Jakue Bidearen zatia. Ordutik ibilbidea mugatzearen alde lan egin izan da.

Esangura horretan, ondoren egin diran azterlanek bertatik ibilteko moduko ibilbide erreala eta fisikoa finkatzea hartu izan dabe helburu; ibilbide etenik bakoa eta segurua behar eben erromesentzat, eta lehentasuna emoten deutsena leku historiko eta publikoei; baina leku edo gune gogoangarrien segida hutsa izan beharrean, gehienetan, bide historiko edo galtzada publikoez lotu dira leku gogoangarriok, ahal izan dan neurrian, alde batera itxita errepideak eta bide arriskutsuak.

Holan, XXI. mendeko ibilbidea finkatu da, historiaren joanean moldatua, eta zeharkatzen dituan lekuetako kultur ondarea agirian jarten dituana, ibilbidean zehar han-hemen agertzen diran mugarriak garapen historikoaren eragile eta eragin dirala erakutsiz, aldi berean.

'Zehaztapen hau guztia sartuta, bazterrean laga dogu kultur ondasunei buruzko ikuspegi estatiko eta isolatua; orain, ibilbidea elementu dinamiko eta bizia da, bidea sortu eben herrien eta egungo herrien bizitza sozialaren funtsezko osogaia', azaldu dabe.

Done Jakue Bideak bi adar ditu EAEn: bata ekialdetik mendebaldera doa, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuz eta, bestea, iparraldetik hegoaldera, Gipuzkoatik eta Arabatik. Ibilbidean zehar, Done Jakue Bidea lehen mailako ondare-multzo eta elementuei lotuta dago, eta zeharkatzen dituan lurralde eta tokien kultur ondarearen isla dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu