XI. BAK gaur amaituko da hogeita hamar ikastaro eskaini eta gero

Bizkaie! 2010-07-20 15:15   jardunaldiak

Danetara, 750 ikasle inguru matrikulau dira 30 ikastaroetan eta aurtengo edizinoko ikastaroek irakasle eta ikasleen artean izan daben harrera ona nabarmendu dau Patxi Azpillaga zuzendariak.

Gaur, hilak 20, amaituko da joandako bagailaren 21ean hasi ziran Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroen hamaikagarren edizinoa. Balorazinoa egiteko orduan, aurtengo edizinoko ikastaroek irakasle eta ikasleen artean izan daben harrera ona nabarmendu dau Patxi Azpillaga zuzendariak.

Euskal Herriko Unibersidadeko Bizkaiko Campusak antolatzen dituan udako ikastaro horreetan kultura eta gizarte arloetako goi-mailako irakaslek hartu dabe parte, besteak beste, Espainako Sari Nazionala daben Maria Bayo kantariak, Josep Colom piano-jotzaileak, María Muñoz jantzariak eta Kirmen Uribe idazleak. Isaki Lacuesta, Pablo Malo eta Koldo Serra zinegileak, Maider López artista, Harkaitz Cano idazlea, Santiago Cirugeda arkitektoa, Emmanuel Séjourné perkusino-jotzaileak eta ospe handiko beste izen batzuk be izan dira BAK-en eskolak emoten. Danetara, 750 ikasle inguru matrikulau dira 30 ikastaroetan.

Arrakasta gehien izan daben ikastaroen artean dagoz Guggenheim Museoan egindako 'Artea eta sormena', Rekalde aretoan izandako 'Museoak, sare sozialak eta teknologia 2.0.', 'Herritarren konfiantza kultura anitzeko gizarteetan' eta, betiko moduan, Zine Tailerra eta Musika ikastaroak. Bilbao Arte eta Kulturako edizino honetan interes handiko eztabaidak egon dira, berbarako, Urdaibai eskualdeko etorkizunari buruzkoa. Horrezaz gan, eszenografo edota eszena erregidore ofizioen sekretuak ikasteko aukerea be izan da.

Patxi Azpillaga BAK-eko zuzendariak hainbat instituzinogaz egindako kolaborazinoa nabarmendu dau, Bilboko Kontserbatorioa, Guggemheim Museoa, Bilbao Kirola, EITB eta beste erakunde batzuekaz be bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu