Bilboko Udalak XXVIII. Gabriel Aresti Ipuin Saria deitu dau
2010-07-14 14:13 kulturbizOrain ia hiru hamarkada martxan jarritako ekimen horren bitartez, Kultura eta Hezkuntza Sailak, literatur sorkuntzea sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzeak emon dauen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazo nahi ditu.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Lehiaketeak 12.000 euro baino gehiago banatuko ditu sarietan, izan be, modalidade bakotxean (euskeraz eta gaztelaniaz) lehenengo saria eta akzesita banatuko baititu, eta bakotxak 4.100 eta 2.050 euro jasoko ditu, hurranez hurran.
Orain ia hiru hamarkada martxan jarritako ekimen horren bitartez, Kultura eta Hezkuntza Sailak, literatur sorkuntzea sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzeak emon dauen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazo nahi ditu. Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 — 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituan, eta, horrezaz gan, literatura unibersaleko zenbait lan itzuli zituan euskerara eta Euskaltzaindian egin eban lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu eban. Idatzi zituan lan ezagunenak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968) eta Harrizko herri hau (1971) olerki liburuak dira.
Lehiaketea edozein nazionalidadeko idazleei zabalik dago, baina aurkezten diran lanen jatorrizko hizkuntzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan be, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan beharko dira. Gehienez be hamabost orrialde izango ditue, espazio bikotxean, eta alde bakarretik idatziak.
Aurreko edizinoetan legez, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau. Epaimahaia literatur munduko persona ezagunek osotuko dabe, eta erabagia datorren urteko martian jakinarazoko da. Ipuinak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailean aurkeztu behar dira, edo bestela posta arruntez edo udal webgunearen bitartez bialdu beharko dira urriaren 29a baino lehen. Oinarriak Bilboko Udaleko webgunean kontsulta daitekez.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen aurreko edizinoan Xabier Etxaniz Rojo (Donostia, 1971) idazleak irabazi eban euskera kategoriako lehen saria, Hogeita hamaika egun Londresen kontakizunagaz. Ignacio Ferrando Pérezek (Trubia, Asturias; 1972) irabazi eban gaztelaniazko saria, Mathilda y el hombre del tiempo lanagaz. Lehiaketeak 572 lan jaso zituan, 55 euskeraz eta 517 gaztelaniaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!