Bilboko auzoei buruzko 'Distrito Foto' argazki lehiaketea argazkigintza digitalean espezializauko da
2010-07-13 14:27 kulturbizParte hartu nahi daben pertsona guztiek Distrito Foto webgunearen bitartez bialdu ahal izango ditue euren argazkiak, irailaren 6tik 19ra bitartean.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, lehiaketea aurten argazkigintza digitalean espezializauko da, eta formatu horretan egindako argazkiak baino ezin izango dira aurkeztu. Parte hartu nahi daben pertsona guztiek Distrito Foto webgunearen bitartez bialdu ahal izango ditue euren argazkiak, irailaren 6tik 19ra bitartean.
Distrito Fotok Bilboko txokoak eta jenteak islatu nahi ditu, bertako biztanleen begiradearen bitartez. Argazkiak, uribildua osotzen daben zortzi barrutietako edozein auzotan hartu ahal izango dira. Oinarriek aukerea emoten dabe argazkiei ukituak emoteko, baina ezin izango da jatorrizko lana aldatzen dauen elementurik kendu edo gehitu.
Lehiaketan, 16 urtetik gorako edozein zalek parte hartu leike, eta aurkeztutako argazkiak –gehienez be 4, .JPG formatuan– jatorrizkoak izan beharko dira, gitxieneko bereizmena bi megapixelekoa izango da, eta, gehienez be, 5 MB-ko pisua izango dabe. Antolatzaileek posta elektronikoz baieztauko dabe irudiak behar bezela jaso dirala eta lehiaketan parte hartuko dabela.
Ez da onartuko beste edozein lehiaketan edo sariketan saririk lortu dauen argazkirik, eta irabazleei, argazkia egiteko erabili izan daben kamarea eta jatorrizko irudia aurkezteko eskatu ahal izango jake, haren benetakotasuna ziurtatzeko.
Aurten Distrito Fotok 7.000 euro banatuko ditu sarietan. Lehenengo saria 1.500 eurokoa izango da eta 1.000 eurokoa, barriz, bigarrena. Horrezaz gan, 500 euroko zortzi akzesit –sariketearen gaia osotzen daben barruti bakotxeko bat– eta gazteei zuzendutako beste akzesit bat, hori be 500 eurokoa, 16 eta 20 urte arteko gazteentzat.
Argazkigintzako profesionalek osotuko daben epaimahaiaren erabagia urriaren 13an jakinarazoko da, eta urriaren 26an Barrainkuako Udaltegian egingo dan sari banaketa ekitaldiaren ondoren, saritutako eta aukeratutako argazkiak jentaurrean egongo dira ikusgai Bilboko udaltegietan, Expodistrito programearen barruan. Udal webgunean be ikusi ahal izango dira.
Mota honetako lehiaketetan ohikoa danez, saritutako lanen ustiapen eskubideak Bilboko Udalaren esku itxiko dira.
Argazkiak honako auzoei buruzkoak izan beharko dira, auzo honeetako gauzei, jenteari, guneei… buruzkoak:
- 1. barrutia Deustua: San Pedro, Deustuko Erribera, San Inazio, Ibarrekolanda, Arangoiti eta Elorrieta.
- 2. barrutia Uribarri: Castaños, Matiko-Loruri, Uribarri eta Zurbaran-Arabella.
- 3. barrutia Otxarkoaga-Txurdinaga: Otxarkoaga eta Txurdinaga.
- 4. barrutia Begoña: Santutxu, Bolueta eta Begoña.
- 5. barrutia Ibaiondo: Zazpi Kaleak, Iturrialde, Solokoetxe, Atxuri, Abusu, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, San Adrian eta Miribilla.
- 6. barrutia Abando: Indautxu eta Abando.
- 7. barrutia Errekalde: Ametzola, Errekaldeberri-Larraskitu, Uretamendi, Iturrigorri-Abusu eta Irala
- 8. barrutia Basurtu-Zorrotza: Basurtu, Zorrotza, Olabeaga, Masustegi, Mintegitxueta auzoa eta Altamira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!