Zinema, antzerki eta telebistaren arteko lan egiteko modu desbardinak aztertuko ditue Bilbon garagarrilaren 5etik 7ra

Bizkaie! 2010-07-02 10:40   jardunaldiak

‘Batetik bestera aldatzea, zinema, antzerkia, telebista: eszena partekatua’ izenburupeko ikastaroa garagarrilaren 5ean, abiatuko da eta eszena eta zine zuzendariak, aktoreak eta casting arduradunak alkartuko ditu Bilbon. Mintegia UPV/EHUk antolatzen dituan Bilbao Arte eta Kultura udako ikastaroetan kokatzen da.

‘Batetik bestera aldatzea, zinema, antzerkia, telebista: eszena partekatua’ izenburupeko ikastaroa, datorren astelehenean, garagarrilaren 5ean, abiatuko da eta eszena eta zine zuzendariak, aktoreak eta casting arduradunak alkartuko ditu Bilbon. Mintegia UPV/EHUk antolatzen dituan Bilbao Arte eta Kultura udako ikastaroetan kokatzen da eta bertan antzerki, zinematografia eta telebista ikuskizunetako sormen prozesuen arteko adostasunak eta desadostasunak aztertuko dira, zuzendaritzearen eta interpretazinoaren ikuspuntuetatik. Ainhoa Amestoy eszena-zuzendariaren lankidetzea izango dau ikastaroak, sorkuntza-materialen aniztasunaren inguruko hausnarketea proposatuko dauelarik. Stephane Metge eta Pablo Malo zuzendariek antzezlanak filmaukeran planteamendu aldetik eta filmaketa-prozesuan izan daben esperientzia azalduko dabe. Egileen ikuspegiez gan, aktoreen ekarpenak be izango dira. Holan, Chema Lobo eta Aitor Mazo aktoreek antzerkian, zineman eta telebistan interpretatzeari buruz egingo dabe berba, eta era berean, sorkuntza-prozesuan zuzendarien eta aktoreen arteko hartu-emonak izango ditue berbagai. Bi figura horreen artean, zuzendaritzearen eta interpretazinoaren artean, casting-zuzendaritza litzateke bitartekaria. Sara Bilbatua arduratuko da casting-zuzendaritzearen arloaz.

Stéphane Metgek hainbat arlo jorratu ditu zinemagintzan eta telebistan, izan be, laguntzaile ibili da produkzinoan, dekorazino eta eszenografian, muntaketan eta errealizazinoan. La Reina Margot (1993) filmetik aurrera Patrice Chéreau zuzendariaren kolaboratzailea da. Hainbat dokumental egin ditu zuzendari horri buruz, eta ganera, jantzako, zirkuko, operako eta antzerkiko ikuskizun ugari filmau ditu zuzenean. 'C´était là depuis l´après-midi' filma zuzendu eban 1999an.

Chema León aktoreak hainbat proiektutan hartu dau parte, besteak ebste, 'Amar en tiempos revueltos' eta 'Mesa para cinco' telesailetan eta antzerki-lan ugaritan, Tomaz Pandur, Nacho García edota Miguel Narros zuzendarien esanetara.

Ainhoa Amestoyk hainbat ikuskizun zuzendu ditu, horreen artean: 'De Jerusalén a Jericó', 'El curioso impertinente', 'Cuarteto', 'AntiG8na', 'La casa de Bernarda Alba' edota 'Mucho ruido y pocas nueces' (egun antzokiz antzoki taularatzen dagozana Espainian). Aktore-lanetan be ibili da antzerki-produkzino garrantzitsuetan; Madrilgo Udaleko kultur kudeatzaile izan zan hiru urtez, eta irakasle da Middlebury, Hamilton eta Colgate unibersidadeetan.

Manuel F. Vieites aktore, eszena-zuzendari eta unibersidadeko irakasle izan da. Gaur egun ESAD Galiziako arte dramatikoko goi mailako ikastegiko zuzendaria da.

Sara Bilbatua casting-zuzendari da antzerkiko, zinemako eta telebistako proiektuetan. Besteak beste, Isabel Coixet, Julio Medem, Pedro Almodovar edota Guillermo del Toro zuzendarientzat egin dau lan.

Aitor Mazok Maskarada antzerki taldean hasi eban aktore-ibilbidea. Manuel Gutiérrez Aragón, Julio Médem, Emilio Martínez Lázaro edota Alex de la Iglesia zuzendariekaz egin dau lan, besteak beste, eta hainbat telesailetan parte hartu dau. Patxo Telleriagaz batera 'La máquina de pintar nubes' filma idatzi eta zuzendu dau.

Pablo Malo zinemako zuzendari, gidoilari eta produktorea da, eta bere sinadurea daroe, besteak beste, honako film honeek: 'La sombra de nadie' (2006), 'Frío sol de invierno' (2004), 'Jardines deshabitados' (2000,) eta 'El ángel de mármol' (1995).


‘Batetik bestera aldatzea, zinema, antzerkia, telebista: eszena partekatua’, garagarrilaren 5etik 7ra, Sarrikoko Zubiria Etxean

- Garagarrilak 5

09:15ean: 'Antzerkiaren eta zinemaren arteko hartu-emon mingarriak'. Stéphane Metge (UPV/EHU-Bilbo).
10:45ean: 'Igarotzeak: aktoreak, gailuak, eszenak'. Chema León (Madril).
12:15ean: 'Arteen diziplinartekotasuna antzerkiari dagokionez'. Ainhoa Amestoy (Madril).
13:30ean: 'Antzerki zuzendaritzako lantegia: arte plastikoetan eta zenbait literatura generotan oinarritutako dramatizazinoak'. Ainhoa Amestoy (Madril).


- Garagarrilak 6

09:15ean: 'Pertsonaia egitea/desegitea Manuel Vieites' (Galiziako Goi mailako Antzezpen Eskola).
10:45ean: 'Antzerkia zineman eta zinema antzerkian'. Rosa de Diego (UPV/EHU).
12:15ean: 'Casting-a, helbururantz'. Sara Bilbatua (Donostia).
15:30ean: 'Casting lantegia'. Sara Bilbatua (Donostia).


- Garagarrilak 7

09:15ean: 'Begirada inplikatua: antzerki eszenatik zinematografiara'. Eneko Lorente (UPV/EHU-Bilbo).
10:45ean: 'Begirada gurutzaketa, zuzentzea/antzeztea'. Aitor Mazo (Bilbao).
12:15ean: pZuzendaritza zinematografikoa'. Pablo Malo (Donostia).
15:30ean: Zuzendaritza zinematografikoko lantegia. Pablo Malo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu