Guggenheim Bilbao Museoko Fundazioaren Patronatuaren bilerak makinatxu bat barrikuntza dakarz

Bizkaie! 2010-06-24 15:00   kulturbiz

Bisitarien kopurua aurreko urteetako mailan mantendu da, nahiz eta munduko egoera ekonomikoa gogorra izan. Aitatzekoa da igazko ekitaldiagaz konparauta, 10 puntu egin dauela gora atzerriko bisitarien kopuruak, batez be, Frantziatik etorritakoenak, eta horreek dagoeneko bisitari guztien % 24 dira.

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatuak 2010. urteko lehen saioa izan dau bart; Lehendakaria, Patxi López, izan da mahaiburua eta ondorengoek parte hartu dabe: José Luis Bilbao, Bizkaiko Diputadu Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Jennifer Blei- Stockman, Solomon R. Guggenheim Foundation-eko Presidentea; Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Josune Ariztondo, Kultura Diputadua; Iñaki Azkuna, Bilboko Alkatea; Richard Armstrong eta Juan Ignacio Vidarte, New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen zuzendariak, hurranez hurran; eta Fundazinoaren gobernu-organo gorena osotzen daben enpresen eta erakundeen ordezkariak.

Bilera honetan 2009 ekitaldiko kontuak ontzat emon ditue eta urte honetako lehen bost hilebeteetako Jarduera-balantzea barrikusi da. Berrazterketa horretan nabarmentzekoa da bisitarien kopurua aurreko urteetako mailan mantendu dala, nahiz eta munduko egoera ekonomikoa gogorra izan. Aitatzekoa da igazko ekitaldiagaz konparauta, 10 puntu egin dauela gora atzerriko bisitarien kopuruak, batez be, Frantziatik etorritakoenak, eta horreek dagoeneko bisitari guztien % 24 dirala.

Bestalde, Patronatuak Museoaren 2009—2012 Plan Estrategikoa beteten ari dala ikusi dau, baita ekimen nabarmenetako batzuk jardunean dagozala be. Zero Espazioa, esaterako, oraintsu inaugurau dan bisitariak orientetako gela, abian da eta kideek zuzenean ikusteko aukerea izan eben.

Urdaibain Guggenheim Museoa eregiteko aukerearen harian, arkitektura-diseinuaren lehiaketearen inguruan azken hilebeteotan aurreratu dana emon jako ezagutzera Patronatuari. Presidenteak proiektuak aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzearen kontrako jarrerea adierazo dau; horrek, Ahaldun Nagusiaren eretxiz, 2008ko abenduan onetsitako Plan Estrategikoa aldatzea ekarriko leuke. Bitartean, ez da lehiaketarik deituko. Jarrera horreek ikusita, Presidenteak ohiz kanpoko eta preminazko bilera bat deituko dauela agindu dau.

Era berean, Patronatuari 2011ko behin-behineko arte-programazinoa aurkeztu jako; aurreratutako egitarau horretan Bilduma Iraunkorraren bi aurkezpen eta aldi baterako hiru erakusketa nabarmentzen dira. Kaosa eta Klasizismoa erakusketak bi mundu gerren arteko garaian, Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian landu ziran arte-adierazpenak (pintura, eskultura, argazkigintza, arkitektura, zinema, moda eta dekorazino-arteak) aurkeztuko dira ondorengo artisten funtsezko lanak ikusgai jarriz: Fernand Léger, Pablo Picasso, Giorgio de Chirico, Mario Sironi, Oskar Schlemmer eta Otto Dix.

Apirilean, Tarte argitsua izango da Museoan, eskala handian egiten dan Dimitris Daskalopoulosen bildumearen lehen aurkezpen publikoa. Artelan sorta hori arte garaikideko asmo handiko bilduma pribatu osoenetako bat da eta bertan baliabide ugaritan egindako artelanak hartzen dira, eskulturak eta instalazinoak gailentzen diran arren.

1950eko eta 1960ko hamarkadetako AEBko eta Europako artea 2011n izango dan Bilduma Iraunkorraren lehen aurkezpena dogu. Erakusketa honetan 1950eko eta 1960ko hamarkadetako AEBko eta Europako artean emon ziran joera nagusiak aztertuko dira, bi kontinenteen artean sortutako antzekotasun harrigarriak agirian ixten diralarik. Honakoak dira, besteak beste, erakusketan izango diran artista nabariak: Jackson Pollock, Willem de Kooning, Ellsworth Kelly, Robert Rauschenberg, Karel Appel, Alberto Burri, Antoni Tàpies, Yves Klein, Jean Tinguely eta Piero Manzoni.

Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II Bilboko funtsak erakusteko 2009an inaugurau zan zikloaren bigarren erakusketea dogu. Oraingo honetan, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan sortu zan arte-eztabaidan sakonduko dau, baita eztabaida hori hainbat diziplina eta baliabidetan zelan islatu zan be. Horretarako Jean Michel Basquiat, Anselm Kiefer, Miquel Barceló, Julian Schnabel, Juan Muñoz, Cristina Iglesias, Miquel Navarro, Juan Luis Moraza edo Francesc Torres artisten lanak erakutsiko dira. Azkenik, urte amaierako erakusketea urrian inauguratuko da XX. mendeko eskulturearen bi irudi gailenen lana erakutsiz: Brancusi eta Serra. Bertan artista bakotxari eskainitako espazioei eta alboratzeei esker, euren ikuspuntuen antzekotasunak eta desbardintasunak azalduko dira, baita eskulturearen ahalmen espaziala eta dinamikoa be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu