Ara Malikian biolin-jole armeniarrak zabalduko ditu Bilbao Arte eta Kultura ikastaroak

Bizkaie! 2010-06-15 15:31   jardunaldiak
XI. Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroak bagilaren 21tik garagarrilaren 20ra bitartean izango dira

Ara Malikian jatorri armeniarreko biolin-jolearen eskutik emongo deutsie hasierea Euskal Herriko Unibersidadearen Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroei, gaur, hilak 15, arratsaldeko 19:30ean Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan ekitaldian.

Ara Malikian jatorri armeniarreko biolin-jolearen eskutik emongo deutsie hasierea Euskal Herriko Unibersidadearen Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroei, gaur, hilak 15, arratsaldeko 19:30ean Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan ekitaldian. Bertan parte hartuko dabe ondorengoek: Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak, Patxi Azpillaga Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroen zuzendariak, Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak eta Iñaki Agileta Bilboko Udaleko Kultur Zuzendariak.

Musikari birtuosoa, concertinoa Madrilgo Sinfonikoan eta erabateko fenomeno diskografikoa da Ara Malikian (Beirut, 1968). Musika klasikoa jendartean ezagutarazoten eta zabaltzen saiatzen da, eta esangura horretan, umeentzako emonaldiak eskaintzen ditu, antzoki eta kafe antzokietan joten dau, edota kartzeletako eszenatokietan.

Bilbao Arte eta Kultura (BAK) ikastaroen XI. edizinoa bagilaren 21tik garagarrilaren 20ra bitartean izango da. Bertan, hogeita hamarren bat ikastaro eskainiko ditue hainbat egoitzatan, besteak beste, Sarrikoko eta Leioako kanpusetan, Rekalde aretoan, Guggenheim Bilbao Museoan, Foru liburutegian eta Bidebarrietakoan, Campos eta Barakaldo antzokietan, edota Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan. Ikastaroen antolaketan EHUk kolaboratzaile izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa saila, eta Bilboko Udala.

'Lurraldeak eta mugak. Esperientzia dokumental garaikideak' ikastaroak Estadu espainiarreko hiru zinemagile ausartenetakoak batuko ditu Bilbon bagilaren 28tik 30era: Isaki Lacuesta ('Los condenados' film saritua eta oraindino estreinau bako 'Los pasos dobles' egin ditu, besteak beste), Lluis Escartín bideo-sortzailea (Texas Sunrise, Ivan Istochnikov) eta Elías León Simiani, 'Conceptos clave del mundo moderno' mikrodokumental sortaren zuzendaria. Ikus-entzunezkoen atal berean, 'Batetik bestera aldatzea, zinema, antzerkia eta telebista: eszenatoki partekatua' ikastaroan generoen arteko hartu-emonak aztertuko ditue, betibe sorkuntzearen ikuspegitik begiratuta. Partaide izango dira Stephane Metge eta Pablo Malo zinemagileak, Chema Lobo eta Aitor Mazo aktoreak, Ainhoa Amestoy eta Manuel F. Vieites eszena-zuzendariak eta Sara Bilbatua casting-zuzendaria. Bestalde, Leioako Arte Ederretako Fakultatean partaide aldetik arrakasta handiz egin ohi dan zinema-tailerrean izango dira aurten Koldo Serra, Kepa Sojo, Borja Crespo, Patxi Urkijo, Jorge Núñez de la Visitación, Víctor Cabaco eta Juan Flan zinemagileak.

Arteak, Museoak eta Teknologiak atalean 'Artea eta sormena' mintegia antolatu dabe Guggenheim Museoagaz batera. Bertan, edertasuna, plazer estetikoa, eta antzeko kontzeptuen inguruko hausnarketea egingo dute partaideek, arlo horretako adituen eta artisten eskutik: Maider Lopez eta Elssie Ansareo artistak eta Telmo Rodríguez enologoa. Bilbao Metropoli 30 erakundeak koordinauko dauen beste ikastaro batean diseinu teknologikoan arteak dauen originaltasuna izango dabe eztabaidagai. Partaide izango dira, besteak beste, Santiago Cirugeda arkitekto subertsiboa, Marcel-li Antúnez performer-a eta Alfa Arteko kudeatzaile Jose Mari Armentia. Atal berean, ondare historikoari buruzko beste bi ikastaro izango dira, eta sare sozialen eta 2.0 teknologien inguruan museoek egin beharko leukien erabilerea be aztertuko dabe. Azkenik, urban mapping kontzeptuari buruzko mintegia antolatu dabe, eta horren barruan, Najako torreari buruzko ikus-entzunezkoaren proiekzinoa egingo da garagarrilaren 1eko gauean.

Kultureak eta literatureak be izango dabe tokia ikastarootan. Aurten poesia zabaltzeko moduak aztertuko ditue Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleakaz. Era berean, Galizian aurrera eroan dituen esperientziak be berbagai izango ditue hainbat kritikarik, irakaslek eta adituk. Beste mintegi batean, arteen eta matematiken arteko hartu-emonak azalduko ditue.

Musika eta jantza ikastaroei jagokenez, aurten be primerako partaideak batuko ditue. Holan, eskola magistralak eskainiko ditue Maria Bayo soprano nafarrak, Josep Colom piano-joleak, Alexei Ogrintchouk oboe-joleak, Jose Luis Estelles klarinete-joleak, Emmanuel Séjourné perkusino-joleak eta Keiko Wataya biolin-jole japoniarrak. Jantza garaikideko ikastaroaren arduraduna Mal Pelo konpainiako Maria Muñoz izango da, eta jantza tradizionalaz, barriz, Jon Maya arduratuko da.

Kultur esparruko ikastaroez gan, Bilbao Arte eta Kultura ekimenak gizarte-gaiei buruzkoak be eskaintzen ditu; berbarako, Hezkuntza eta Komunikazinoa atalean lau ikastaro eskainiko ditue: lehenengoan, teknologian eta komunikabideetan aldaketak etenbakoak diran garaiotan komunikatzaile ona izateko gakoak azalduko ditu Joxerra Garziak; bigarrenean, barriz, hizkuntzearen, kulturearen eta nortasunaren arteko loturak aztertuko ditue; hirugarrenak Garapenerako Hezkuntzea izango dau ardatz; eta laugarrenean, musika-kazetaritzea izango dau berbagai Joseba Martin irrati-kazetariak.

Ganerako ikastaroetan hainbat gai jorratuko ditue, besteak beste, ekonomia solidarioaren merkatu alternatiboak, Urdaibaiko erreserbearen etorkizuna, herritarren konfidantzea kultura anitzeko gizarteetan, superwoman rola edota kirol-jardueren kudeaketea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu