400 lagunek hamabi ordutan irakurriko dabe 'Haur besoetakoa' Arriaga Antzokian
2010-06-11 15:12 kulturbizDatorren eguaztenean, hilaren 16an, Jon Mirande idazlearen 'Haur besoetakoa' nobela osoaren etenik bako irakurraldia egingo da Arriaga Antzokiko Foyer aretoan goizeko 08:00etan hasita. Danetara, 400 lagunek parte hartuko dabe Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen dauen ekimen honetan.
Datorren eguaztenean, hilaren 16an, Jon Mirande idazlearen 'Haur besoetakoa' nobela osoaren etenik bako irakurraldia egingo da Arriaga Antzokiko Foyer aretoan goizeko 08:00etan hasita. Danetara, 400 lagunek parte hartuko dabe Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen dauen ekimen honetan: euskal kulturako eta gizarte, kirol, ekonomia nahiz politika-arloetako hainbat pertsona ospetsuk parte hartuko dabe, berbarako, Iñaki Azkuna, Bilboko Udaleko Alkatea; Ana de Castro, Udaleko Euskara Saileko Zinegotzia; Ipar Kutxako zuzendari nagusia, Carlos Oses; Iñaki Goirizelaia, Euskal Herriko Unibersidadeko erretorea; Andrés Urrutia, Euskaltzaindiako presidentea; Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Diputadua, eta Blanca Urgell, eta Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Sailburuak. Irakurle izango dira, beste askoren artean, Bilboko Udaleko Udalbatza; Euskaltzaindiako Akademikoak; idazleak Edorta Jiménez, Juanra Madariaga, Ander Iturriotz, Toti Martinez de Lecea eta Pedro Ugarte; kirolariak Patxi Usobiaga, Jose Angel Iribar eta Koikili Lertxundi; hedabideetako ordezkariak; sindikalistak, Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak; aktoreak; ostalariak; Gotzaingoaren ordezkariak; ekonomista, abokatu eta injineruen eskola profesionaleko ordezkariak.
Aurreko urteetan legez, mundu osoko Euskal Etxeek be parte hartuko dabe III. irakurraldi publiko honetan. Euren irakurraldiak bideoan grabau dira aurretik eta antzoki barruan nahiz kanpoan horretarako jarri diran pantailetan ikusi ahal izango dira, zuzeneko irakurraldiakaz batera.
Era berean, iluntzean (20:00retan) erromeria egongo da Arriaga plazan 'Bilbao Musika' Udal Musika Eskolaren eskutik.
Aurtengoa hirugarren edizinoa da. Orain bi urte Axularren 'Gero' (1643), igaz Mogelen 'Peru Abarca' (1802) eta aurten Jon Miranderen 'Haur besoetakoa' (1959). 'Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik dagoz, eta harro, 'Klasikoen irakurraldi etenik bakoa' ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari dalako eta, horrenbestez, apurka-apurka, geure helburua, klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, hain zuzen, beteten ari garelako'.
'Zer irakurri erabagiteko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren erispidea erabili dogu, hau da, XVII. mendeko liburu bategaz hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste bategaz segidu eta XX. mendera heldu gara. Bi salto izan dira, ehun eta hirurogei urte ingurukoa bakotxa, euskal literaturearen historian barrena'.
Bitxikeria legez, Txomin Peillen izan zan Mirenderen 'Haur besoetakoa' irakurri eban lehenengoa, izan be, Mirandek berak bialdu eutson zirriborroa 1959ko zezeilean.
Etenik bako III. Irakurraldia Txomin Peillen euskaltzainak, Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradunak, Jokin Gorriti Ipar Kutxako kanpo harremanetarako arduradunak eta Bilboko Euskera zinegotzi Ana de Castrok aurkeztu dabe.
Miranderi buruzko liburua laster
Txomin Peillen euskaltzain eta idazlea eta Pablo Joxe Aristorena kazetaria Miranderen inguruko liburua preparetan dagoz. Idazlearen biografia eta olerki guztiak euskeraz eta frantsesez emoteaz gan, 600 bat liburuz osotutako Mirenderen liburutegiaren inbentarioa be jasoko dabe. Liburua Euskaltzaindiak argitaratuko dau datorren urtean.
'Haur besoetakoa' berbagai Bernardo Atxagagaz
Bernardo Atxagak Jon Miranderen nobelaz jardungo dau bagilaren 15ean, martitzenean, arratsaldeko 19:00etan Bilbon, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!