AlhondigaBilbaok Bilbao Kultur arteko Uria II. Jardunaldiak antolatu ditu bagilaren 15etik 18ra arte

Bizkaie! 2010-06-09 11:54   jardunaldiak

Bilbo barriaren gizartearen ezaugarrietako bat erlijino aniztasuna da, eta AlhondigaBilbaok jardunaldi honeek abiarazo ditu herrialde, kultura eta erlijino desbardinetako herritarren topagune izateko asmoz. 'Kulturartekotasuna AlhondigaBilbaoren ezaugarrietako bat da, eta horregaitik urian bizi diran kultura desbardinetako pertsonentzako topagune izan nahi dau'.

AlhondigaBilbao zentroak Bilbao Kultur arteko Uria II. Jardunaldiak antolatu ditu bagilaren 15etik 18ra, 'Pluralismoa, Erlijinoak eta Bizikidetza' goiburupean. Programaren egitaraua mahai-inguruek, tailerrek eta berbaldiek osotuko dabe, antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez.

Bilbo barriaren gizartearen ezaugarrietako bat erlijino aniztasuna da, eta AlhondigaBilbaok jardunaldi honeek abiarazo ditu herrialde, kultura eta erlijino desbardinetako herritarren topagune izateko asmoz. 'Kulturartekotasuna AlhondigaBilbaoren ezaugarrietako bat da, eta horregaitik urian bizi diran kultura desbardinetako pertsonentzako topagune izan nahi dau', nabarmendu dabe zentro barriko arduradunek.

Jardunaldien programearen ardatz nagusia mahai-inguruakaz hazurmamituko da, eta horretarako, erlijino, gizarte eta erakundeetako ordezkariek hartuko dabe parte. Holan, berbaldiek zein tailerrek espazio berezia izango dabe, eta aniztasun erlijiosoa aztertzea izango dabe helburu: hezkuntza, enplegua, osasuna, gizarte-ongizatea eta ekipamenduak. Ekintzotan, adituek eta esparru bakotxeko eragile estrategikoek hartuko dabe parte.

Mahai-inguruetan erlijino, gizarte eta erakundeetako ordezkariak batuko dira, egunerokotasuneko gaiak eztabaidatzeko. Tailerrek, topaketek eta berbaldiek be oso espazio garrantzitsua izango dabe jardunaldietan.

Tailerren helburua aniztasun erlijiosoa esparru desbardinetan zelan kokatu aztertzea da: hezkuntza, enplegua, osasuna, gizarte-ongizatea eta ekipamenduak. Tailer honeetan esparru bakotxeko adituek eta agente estrategikoek hartuko dabe parte.

Topaketen helburua, sinisbideen arteko topaketa-esperientziak batzea da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan diran erlijinoen arteko alkarrizketen esperientzia guztiak ezagutarazotea eta beste inguru batzuetan (Katalunian, esate baterako) martxan jarri diran esperientziak ezagutarazotea be. Hitzaldien asmoa da gizarte demokratiko eta laiko baten eta jazoera erlijiosoaren (kulturartekotasunaren logikatik abiatuta) artean ezarri beharreko lotura mota proposatzea.

Mahai-inguruak bagilaren 15etik 18ra bitartean izango dira, AlhondigaBilbaoko Auditoriumean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Edonor joan daiteke, eta sarrerearen prezioa bi eurokoa izango da. Mahai-inguruetan teologiaren, feminismoaren eta islamaren hainbat adituk hartuko dabe parte, eta Deustuko Unibersidadeko Filosofia irakaslea dan Fernando Bayon izango da moderatzailea. Era berean, Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek, Javier Vitoria teologoak eta UPV/EHUko Soziologiako doktore Imanol Zuberok be hartuko dabe parte.

Jentaurrean egingo diran jardunaldietan izango diran adituen artean, besteak beste, ondokoak dagoz: Teresa Forcades, St. Benet de Montserrateko (Katalunia) monasterioko moja beneditarra eta Osasunean eta Teologian doktorea, eta Tarik Ramadan, Ikasketa Islamiko Garaikideetako irakaslea Oxfordeko Unibersidadean (Ingalaterra).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu