Done Jakue Bidea Euskadin sustatzeko ia 40 kultur jarduera batzen dituan programea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2010-06-04 11:58   kulturbiz

Programeak, besteak beste, kale antzerkia, kontzertuak, erakusketak, Done Jakueren bideak eta ipuin-kontalariak jasoko ditu. Antolatu diran 37 jardueren artean, sei Araban izango dira, zazpi Bizkaian, eta bederatzi Gipuzkoan.

Aurten Done Jakue urtea danez, Done Jakue Bidea Euskadin sustatzeko ia 40 kultur jarduera batzen dituan programea aurkeztu dabe Antonio Rivera Espainiako Gobernuko Kultura sailburuordeak eta Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 'apustu garrantzitsua' egin dabela azpimarratu dabe, Espainiako Kultura Ministerioarekin eta Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales (SECC) dalako erakundeagaz batera, Done Jakue Bidearen Euskadiko ibilbideak bultzatzeko. Danetara, 37 kultur jarduera antolatu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 22 udalerritan.

Programeak, besteak beste, kale antzerkia, kontzertuak, erakusketak, Done Jakueren bideak eta ipuin-kontalariak jasoko ditu. Antolatu diran 37 jardueren artean, sei Araban izango dira, zazpi Bizkaian, eta bederatzi Gipuzkoan. Egutegia Bermeon hasi zan pasa dan asteburuan, kale atzerki talde batek Ibilaldian eskainitako ikuskizunagaz, eta abenduan amaituko da, BECen egingo dan Gabonetako Haur Parkean.

Ganera, Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) Iparraldeko Bideak aztertuko dituan jardunaldi bat preparau dau Donostiako Miramar Jauregian egitekoak diran Udako Ikastaroetan. Garagarrilaren 22an, irakasle, historialari eta nazinoarteko kultura arloko espezialistek parte hartuko dabe, berbarako, Jose Angel Barrio historialariak, Toti Martinez de Lezea idazleak edo Itziar Aguado irakasleak. Kultur ekitaldien plan honen bitartez, Done Jakue Bideagaz loturiko pasarteak birsortuko dira bideko leku esanguratsuenetan.


Aukera ugari

Euskadiko Done Jakueren Bideak -bai kostaldekoak bai barrualdekoak- aukera ugari eskaintzen ditu kultura eta turismo aldetik ibilbide osoan. Kultura aldetik, itun bat dago Espainiako iparraldeko erkidego batzukaz batera Kostaldeko Bideak Gizateriaren Ondare kategoria lortzeko, Frantziako Bideak 1993an lortu eban moduan.

Euskadiko ibilbidearen gorakadea azken urteotan igarri d gehienbat. Kostaldeko Bidea, gaur egun, erromesen hirugarren ibilbide erabiliena da, Frantziako Bidearen eta Portugaleko Bidearen ondoren. 2009an, 17.000 ostatu-gau baino gehiago erregistrau ziran, aurreko hiru urteetako datuen halako hiru, ia. 2008an, aterpetxeetako ostatu-hartzeek %23 egin eben gora.

Bestalde, Bideak egitasmoak 2009an euskal turismoari miloe erdi euroko sarrera ekarri eutson. Estatistiken arabera, Euskaditik pasetan diren erromesen erdiek erlijinoak bultzatuta bidaiatzen dabe, eta beste erdiek interes turistikoakaitik.

Euskadiko Done Jakue Bideak 85 udalerri zeharkatzen ditu, 462 kilometro luze da eta 43 aterpetxe ditu. Eusko Jaurlaritzak aurten Plan Zuzentzaile bat landu dau, Euskadiko Bidearen egungo egoerari buruzko azterketa sakona egiten dauena eta datozan urteotarako jarduera-multzo bat jasoten dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu