'Euskal Herria' eta 'Pays Basque Magazine' aldizkariek lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2010-06-03 15:51   kulturbiz

Hitzarmenari esker, bagila-garagarrileko zenbakitik aurrera argitalpen biotako eduki gehienak berberak izango dira eta, beraz, 'mugarria' izango da aldizkari bien ibilbidean, orain arte bide paraleloak jorratu baititue, nork bere aldetik, Pirinioetako alde bietan.

'Euskal Herria' mendi, kultur, natura eta bidaien argitalpen espezializatuak lankidetza akordioa sinatu dau Ipar Euskal Herriko 'Pays Basque Magazine' aldizkariagaz. Hitzarmenari esker, bagila-garagarrileko zenbakitik aurrera argitalpen biotako eduki gehienak berberak izango dira eta, beraz, 'mugarria' izango da aldizkari bien ibilbidean, orain arte bide paraleloak jorratu baititue, nork bere aldetik, Pirinioetako alde bietan.

Aldizkariotako arduradunek jakinarazo dabenez, lankidetza akordioaren helburua Euskal Herriari bere osotasunean begiratzen deutsen edukiak preparetea eta aldizkari biotako irakurleei eskaintzea da. Eduki horreek, hau da, Euskal Herriko naturan aisialdiaz disfrutetako aukeren ganeko erreportajeak, Iparraldetik zein Hegoaldetik egingo dira.

Aldizkari bietako edozein irakurlek Euskal Herrian erabilten diran hiru hizkuntzetako edozeinean irakurri ahal izango ditu eduki horreek. Izan be, Hegoaldean egindako aldizkaria gaztelaniaz argitaratuko da, baita euskeraz be, 'Nora' aldizkariaren bidez, 'Berria' egunkariagaz alkarlanean plazaratzen dana. 'Pays Basque Magazine' frantsesez kaleratuko da.

Kooperazio bide barriak be zabalduko ditu hitzarmenak. Milan Press-ek eta SUA Edizioak argitaletxeak antzeko ibilbidea egin dabe eta kultur, natura, mendizaletasun eta etnografiaren arloetan eskarmentu handia batu. Lankidetza horri esker, mugearen alde bietan Euskal Herriaren aberastasun kultural eta turistikoan sakontzeko aukerea izango da.

Aldizkariek logotipo biak buztartu ditue. Gainera, 'Euskal Herria' aldizkariak bere irudia barriztau dau, baita bidaia eta kultur edukietan sakondu be.

Bide horretatik, zenbaki barrian, gai nagusiak Pagoetako Parke Naturala eta Txakolinaren Kostaldea dira. Turismo ornitologikoak, produkzino ekologikoak, Viana (Nafarroa), Hendaia (Lapurdi) eta Ega ibaia (Araba-Nafarroa) be agiri dira.

Ganera, aldizkariak kultur edukiak areagotu ditu bere literatur atal barriagaz, beti be entzute handiko idazleen eskutik. Oraingoan, Toti Martinez de Lezeak kontakizuna argitaratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu