Aizpea Goenaga izango da Etxepare Institutuko zuzendaria
2010-05-28 15:47 kulturbizEtxepare Euskal Institutuaren Patronatua gaur goizean batu da eta hor jakinarazo dau Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Aizpea Goenaga izango dala erakundeko zuzendaria. Udea baino lehen martxan jarri nahi dabe euskerearen institutua.
Etxepare Euskal Institutuaren Patronatua gaur goizean batu da eta hor jakinarazo dau Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Aizpea Goenaga izango dala erakundeko zuzendaria.
Euskerea eta euskal kulturea atzerrian zabaltzeko Etxepare Institutuaren ardurea Aizpea Goenaga antzerkigile, gidoilari eta zuzendariaren esku egongo da. Goenagak 'ilusinoz eta gogotsu' ekingo deutso lanari. Erronka polita dala eretxita kargua beteteko eskaerea gustora hartu dauela adierazo dau eta Etxepare institutuaren zeregina behar-beharrezkoa begitantzen jakola. Nazinoartean euskerearentzat prestigioa lortzea eta nazinoartean onartua izatea nahi dau Institutuak. Euskerearen irakaskuntzea eta ikerkuntzea sustatuko ditu atzerrian, eta Euskal Herriko errealidade kulturalaren barri zabalduko dau Euskal Herritik kanpo.
Munduan zehar ibiltea oso garrantzitsutzat jo dau Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, eta, horregaitik, udea baino lehen martxan jarri nahi dabe euskerearen institutua.
Ibarretxeren gobernuak jarri eban martxan proiektua, eta egoitza behin-behinean Donostiako Prim kalean jarri eben Tabakaleran jarteko aukerea izan arte. Orain, barriz, Tabakalerako proiektua kili-kolo dagoanez, hasiera batean behintzat Prim kalean ekin beharko deutso beharrari Goenaga and.ak.
Aizpea Goenaga
Aizpea Goenaga Mendiola (Donostia, 1959) Irakasle Eskolan eta Arte Dramatikoan -Antzertigaz- diplomaduna da; interpretazino eta zuzendari ikasketak egin ditu, bai eta dramaturgiakoak be (New Yorkeko H.B. Studio eta New School University).
Aktore moduan hainbat lanetan parte hartu dau, besteak beste, Arlequino, servidor de dos amos, Pekata minuta, Dakota, Nacidos culpables, Hau paraderoa eta Arrain ontzia / La pecera. Zineman be badauka esperientziarik aktore moduan, esaterako El invierno en Lisboa eta Santa Cruz, el cura guerrillero filmetan -azken horrengaitik Paco Rabal emakumezko aktore errebelazino onenaren saria jaso eban Murtziako Zinemaldian-, bai eta La gente de la Universal edo Pecata Minuta filmeetan be.
Zuzendaritza alorrean, New Yorkeko Antzerkiaren Espainiako Errepertorioan hasi zan zuzendaritza-laguntzaile moduan, eta ordutik lan ugari zuzendu ditu. 1995. urtean Donostia Saria irabazi eban, Zu(t)gabe lanagaitik. Gainera, 2003ko Serantes Antzerki Saria eskuratu eban Agur Betiko lanagaz, eta 2005eko Toribio Altzaga-Euskaltzaindia Saria Santxa antzezlanagaitik.
Idazle moduan, umeentzako zenbait ipuin eta antzezlan egin ditu, bai eta helduentzako antzezlan batzuk be.
Telebistako gidoilari eta zuzendari be izan da hainbat telesailetan; Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako Zeru horiek (Esos cielos) filma zuzendu eban. Sukalde kontuak film luzea be zuzendu eban.
Ohiko kolaboratzailea izan da hainbat euskal komunikabidetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!