Guggenheim Bilbao Museoak Zero Espazioa zabalduko dau bagilean
2010-05-07 12:43 kulturbizGuggenheim Bilbao Museoak bagilaren erdialdera zabalduko dauen orientazinorako gela honen helburua da bisitarientzat topaleku bihurtzea eta horreek erakundeagaz lehenengo hartu-emonak izatea.
Guggenheim Bilbao Museoak bagilaren erdialdera zabalduko dauen orientazinorako gela honen helburua da bisitarientzat topaleku bihurtzea eta horreek erakundeagaz lehenengo hartu-emonak izatea. Danetara, 170 metro koadroko azalerea duen espazio interaktibo eta dinamiko hau Guggenheim Bilbao Museoaren 2009-2012 Plan Estrategikoan gogoan hartzen diran ekimen estrategikoetako bat da. Asmoa da bisitariari beharrezko informazinoa eta interpretetako gakoak eskaintzea, holan hobea izango baita bere Museoko esperientzia eta holan sustatuko baita bisitaldia errepetidutea.
Gela honen kontzeptua zehazteko eta diseinua egiteko, Museoak Maider López artista donostiarraren aholkuak jaso ditu, izan be, Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta Interpretazino arloagaz alkarlanean ibili da eta ondorengo lanetan lagundu dau: Zero Espazioaren kontzeptua zehazten; gelak arte- eta sormen ikuspuntua izan daian edukiak eta euskarriak zehazten; eta, azkenik, ikusizko proposamen grafiko bat sortzen sarbiderako eta Museoko beste hezkuntza-guneakaz gelea lotzeko. 'Ikuspuntu barriak bilatu doguz, egunerokoa barriro aztertzera eta ideiak baztertzera eroan gaituenak; horretarako oinarriak umorea eta Museoan gozetea izan dira, baina, batez be, Museoan zehar ibilteko eta esperimentetako hiru modu: errealidadea, jakin-mina eta asmetea'.
Bisitaria atondotik sar daiteke gela honetara bisitaldia hasi baino lehen eta bi gune desbardintzen dira: batetik, argibide-gunearen helburua da bertaratzen diranei euren bisitaldia ahalik eta ondoen antolatzeko beharrezko tresnak eskaintzea. Kontsulta-guneak, bestetik, Museoaren alderdi desbardinetan sakontzeko aukerea emongo deutso bisitariari; holan, multimedia aplikazino eta euskarriei esker, arte-adituen zein -zaleen beharrak eta itxaropenak asetzea espero da bigarren gune honetan.
Ekimen hau Guggenheim Bilbao Museoak 1997an zabaldu zanetik garatu dauen hezkuntza-egitarauaren barruan kokatzen da. Proiektu hau gauzatu ahal izateko 560.000 euroko diru laguntzinoa jaso eban Museoak Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Avanza planaren bidez. Diru kopuru horrek gela hau multimedia teknologia aurreratuenakaz hornidutea ahalbidetu dau, Museoaren berezko izaereari ikusgarritasun handiagoa emonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!