Bilboko auzoek kaleko arte eszenikoen proposamenez osotutako eskaintza zabala jasoko dabe maiatzean eta bagilean
2010-05-03 15:40 jardunaldiakKultura eta Hezkuntza Sailak diseinau dauen programazinoan zirkua, clownen erakustaldia eta honezkero ohikoak diran magia, kaleko antzerkia eta kaleko bandek eskainitako musika animazinoa izango dira, Bilboko hainbat auzo eta barrutitan.
Garagarrilean Bilbon egingo dan Kalealdiaren aurretik, Euskadiko kaleko Arte Eszenikoen eskaintza zabala izango da maiatzean eta bagilean. Kultura eta Hezkuntza Sailak diseinau dauen programazinoan zirkua, clownen erakustaldia eta honezkero ohikoak diran magia, kaleko antzerkia eta kaleko bandek eskainitako musika animazinoa izango dira, Bilboko hainbat auzo eta barrutitan. Ekimen horreen helburua gure uriko kaleak animetea eta biztanleek mota horreetako ikuskizunetan daben parte hartzea eta hartu-emon zuzenak bultzatzea da. Horrezaz gan, bertako taldeei aukerea eskaini nahi jakez, nazino eta nazinoarte mailako beste zenbait proposamenakaz batera, euren lanak jentaurrean aurkez daiezan.
Eskaintza zabal hori datorren astegoienean abiatuko da, Clownen Zorrotzako Lehen Erakustaldiagaz. Arrigorriagako Nazinoarteko Jaialdiagaz alkarlanean antolatu dan egitarauaren barruan, Tearto Teatro konpainia bilbotarrak 'Diva di Palo. Horas para la historia' lana aurkeztuko dau zapatuan, hilaren 8an, arratsaldeko 19:00etan. Ordubete beranduago, Dos Perillas artista madrildarraren txanda izango da, eta bere azken lana aurkeztuko dau, 'Puchero de Circo', akrobazia, orekak, malabareak… batzen dituan umorez eta trebeziaz betetako ikuskizuna, pertsona bakarrak eskainia.
Domekan, egitaraua eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Capicúa konpainiak aurkeztuko dauen 'Cabaret' lanagaz, trapezioko trebezia eta oihalak jantzeagaz eta magiagaz nahasten dituan aireko zirku ikuskizuna. Ondoren, eguerdiko 13:30etan, Chacovachi pailazo argentinar ezagunaren txandea izango da Zorrotzako Parkean, 'Cuidado. Un payaso malo puede arruinar tu vida' ikuskizunagaz. Lan horretan magia, globologia eta idealak nahasten ditu, gizartearen kritika berezia adierazoteko.
Kaleko VI. Magia topaketak
Bestetik, seigarren urtez jarraian, Bizkaiko uriburuko Otxarkoaga-Txurdinagako Barrutia lehen mailako eszenatoki bilakatuko da lau egunez prestidigitazino zaleentzat, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dituan Magia topaketei esker. Kaleko VI. Magia topaketak maiatzaren 20tik 23ra egingo dira.
Kaleko musika bandak
Bagileko zapatuak kaleko sei talderen musikeagaz beteko dira, Kultura eta Hezkuntza Sailak sustatutako 'MusikAuzo' programearen barruan: Marmara Musik, La Parrús, Cotton Club, Mc Kensy´s Band eta Mac Jeara´s Band taldeek saio bikotxa eskainiko dabe, 18:00etan eta 20:00etan, Funikularraren plazan, Iturriondo plazan, Botika zaharreko parkean eta San Inazioko, Peñascaleko, Ametzolako, Iralako, Uretamendiko eta Deustuko Erriberako hainbat lekutan.
Zirkua eta gehiago
Bilbok I. Zirku Jaialdia jasoko dau aurten. Ikuskizuna bagilaren 4an, 5ean eta 6an izango da, Errekalde auzoan, eta nazinoartean izen handia daben zenbait zirku taldek hartuko dabe parte.
Azkenik, deszentralizautako beste bi programak, 'Kultura Kalez Kale' Ibaiondoko Barrutian eta 'Udako Kultur Jantziak' Begoñako Barrutian, hainbat auzotara (Miribilla, San Adrian, Zabala, Abusu, Atxuri, Bolueta, etab.) eroango ditue Oliver magoa lako bertoko artisten, edo kaleko antzerki konpainien proposamenak: Hortzmuga, Trapu Zaharra, Malas Compañías, Alas de Circo...
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako programon helburu nagusia, gure uriaren kultur eskaintza deszentralizau eta barruti guztietara eroatea da, Bilboko biztanleei kaleko arte eszenikoak hurreratuz eta, horrezaz gan, bertoko taldeei euren lana ezagutarazoteko aukerea eskainiz, nazino eta nazinoarte mailako proposamenen ondoan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!