'Kultura Kalez Kale' egitarauak kaleko zenbait ikuskizun eroango ditu Bilboko 5. barrutira
2010-04-28 15:16 jardunaldiak'Kultura Kalez Kale' ekimena mota guztietako ikusleei zuzenduta dago eta kaleko jardueraz eta ikuskizunez betetako ekimena maiatzean eta bagilean egingo da, 5. barrutian, Ibaiondon. Barruti horretan dagoz Zazpi Kaleak, Solokoetxe, Atxuri, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, Miribilla, San Adrian eta Abusu.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 'Kultura Kalez Kale' ekimena jarri dau martxan beste urte batez. Mota guztietako ikusleei zuzenduta, kaleko jardueraz eta ikuskizunez betetako ekimena maiatzean eta bagilean egingo da, 5. barrutian, Ibaiondon. Barruti horretan dagoz Zazpi Kaleak, Solokoetxe, Atxuri, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, Miribilla, San Adrian eta Abusu.
Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, hainbat alkarte ibili dira lanean: Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Birgaitze Mahaia eta Solokoetxeko, Miribillako, San Adriango eta Zabalako biztanleen alkarteak; Bilbo Zaharreko eta Maiatzaren Biko merkatarien alkarteak, eta Bilboko Arte Berreginen Museoa.
Lehenengo jardunaldia, maiatzaren 1ean, zuzeneko musikeari eskainita egongo da. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, Maiatzaren Biko kalean, 'El Cachivache' tangoaren eta 'Terráquea sonora' gizon orkestrearen zuzeneko emonaldiak jarraitu ahal izango dira. Horrezaz gan, arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara bitartean ‘Minimoloco DJ’ eta ‘Lloque DJ’ ibiliko dira Lamana kalean, eta Félix Daniel eta Mollasi DJ Castaños Jeneralaren kalean.
Maiatzaren 9a familiei egongo da eskainita. Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean, Zabala plazara hurreratzen diranek Óliver magoaren ‘El Libro Mágico’ ikuskizunaz eta Erraldoi, Buruhandi eta Zaldiko konpartsa batez gozau ahal izango dabe. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, umeentzako tailerrak egongo dira Ángela Figuera plazan, hori be Zabala auzoan.
Zapatuan, maiatzaren 15ean, Mariaren Bihotzaren plazan egingo dan aire zabaleko azokan, Txalapartea izango dogu Erriberako Zubian, eta eguerdiko 12:30etan, Azokatik, erritmo eta musika afro-brasileiroa Conde Mirasol kaletik abiatuko dira, Bilbo Zaharra auzoraino, African Samba taldearen eskutik.
Maiatzaren 23a, antzerkiari eta kaleko animazinoari eskainiko jako, Miribilla auzoan. Erraldoien eta buruhandien konpartsa batek alaituko dau tren geltoki barriaren ingurua eta Óliver magoak bere ikuskizuna eskainiko dau Gernikako plazan. Horrezaz gan, Hortzmuga Teatroa taldeak ‘Zirko Iluna’ lana eskainiko dau Abusuko Parkean.
Bagilaren 5ean, goizeko 11:00etatik 15:00retara, Maiatzaren Biko kalean, 5. barrutiak bat egingo dau Ingurumenaren Mundu Egunagaz, eta birziklapenaren erabilereari buruzko bi tailer antolatuko ditu. Egun berean, Residual Gurus taldeak gidatuko dauen musika kalejireak Bilbo Zaharra zeharkatuko dau, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, bagilaren 6an, San Adrian auzoan Óliver magoak beste ikuskizun bat eskainiko dau, eta konpartsa bat eta umeentzako tailerrak be egongo dira.
Bagilaren 10ean, Mariaren Bihotzaren Plazan (San Frantzisko), gaueko 21:00etatik aurrera, film laburrak proiektauko ditue aire zabalean, Caostica taldeak antolatuta. Hiru saio egongo dira: txikienei eta familiei zuzendutakoak, auzoko neska gazteek sortutakoak eta 18 eta 100 urtetik gora arteko gazteei zuzendutakoak.
Artea kalean
Aurten be 'Behera Pertsianak' lehiaketea, Bilbo Zaharreko hiru saltokiren pertsianak graffitiekaz apaintzea helburu dauena iragarri dabe. Kaleko artisten lana errebindikau eta, aldi berean, auzoari irudi modernoa eta deigarria emon nahi jako. Ekimenean parte hartzeko interesa daben merkatariek euren saltokien pertsianak lagako ditue, aukeratzen diran hiru egitasmoen euskarri izan daitezan. Auzoko biztanleek zuzenean ikusi ahal izango dabe graffitigileen lanaren bilakaerea, maiatzean eta bagilaren lehen astean eta, azkenik, bagilaren 12an, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, hiru lan irabazleak ikusi ahal izango dira.
Bagilaren 17an, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Atxuri auzoan, Trapu Zaharrak taldeak 'Camping Renove' lana antzeztuko dau.
'Kultura Kalez Kale' bagilaren 25ean amaituko da Solokoetxen, aizkolarien eta euskal jantzen erakusketeagaz eta Malas Compañías Zirko Taldeak eskainiko dauen ‘Oilaskoetxea’ antzezlanagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!