'Irakurri, Gozatu eta Oparitu', laugarrenez

Bizkaie! 2010-04-21 15:37   kulturbiz

'Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazinoarteko Egunean eta amaierea, barriz, garagarrilaren 24an izango da, izan be, udea izaten da jenteak irakurteko denpora gehien dauen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak dira liburu trukea sustatzeko.

Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoak 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' egitasmoaren laugarren edizinoa aurkeztu dau Bilbon. Topagunearen Kultura Alorreko teknikari Manuel Moreno eta Irati Jimenez idazleak emon ditue zehaztasun guztiak. Irakurketea sustatzeko asmoz sortu dan egitasmoa Hego Euskal Herriko 16 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskera alkarteen, udal liburutegien eta liburu denden alkarlanari esker.

Kanpainearen izenak berak argi adierazoten dauenez, hiru pausu emon behar dira bertan parte hartzeko:

1. Irakurri. Lehenengo pausua irakurtea da; euskeraz irakurtea, hain zuzen be. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskerazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Hartzea eta irakurtea, jakina.

2. Gozau. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltau, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan dan irakurritako liburua, zer begitandu jakun… Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emongo deusku, berbatutako liburu dendan erabilteko.

3. Oparitu. Azken pausua, aurrekoetan legez, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukera koxkorrari… edo, zergaitik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelagaz, prezioaren % 25 pagau ahal izango dogu liburu dendan euskerazko beste edozein liburu erostean, edo % 50 Euskera Alkarteko kidea izan ezkero.

Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskeraz irakurtearen alde atsegina azpimarratu nahi izan da: euskerearen erabilera gozagarria sustatu nahi dau Topaguneak, irakurteak eta oparitzeak (zein opariak jasoteak) dakarten gozamenaren bidez. Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diran bestelako helburuak be lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:

• Batetik, Euskera Alkarteetako bazkide diran euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea.
• Era askotako eragile publiko eta pribatuen alkarlana sustatzea, eta eragile horreen guztien arteko hartu-emon sarea euskeraz zabaltzea.
• Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi deutso euskerazko liburugintzari, liburuen produkzinoa eta salmentea bultzatuz.


Hasierea, Liburuaren Egunean

'Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazinoarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi ospatzen dabe egun horretan, alkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaierea, barriz, garagarrilaren 24an izango da, izan be, udea izaten da jenteak irakurteko denpora gehien dauen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu jakuz liburu trukea sustatzeko.

Hamasei herritan egongo da martxan kanpaina hau datozen hiru hilebeteotan, tokian tokiko Euskera Alkarteek sustatuta:

• Araban: Laudio (Basalarrina).
• Bizkaian: Santurtzi (Bai Esan ), Durango (Berbaro), Ermua (Euskal Birusa), Basauri (Euskarabila), Zaldibar (Eixu).
• Gipuzkoan: Tolosa (Galtzaundi), Deba (Zuhatza), Lazkao (Goierriko Euskal Eskola), Andoain, Asteasu, Amasa-Villabona (M. Larramendi), Urnieta (Inistorra — M. Larramendi).
• Nafarroan: Irurtzun (Aizpea), Lizarra (Garean), Etxarri Aranatz (Udal Liburutegia).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu