Nobedadeak Bilboko Guggenheim eta Artelan Berreginen museoetan Aste Santuan

Bizkaie! 2010-03-31 16:39   kulturbiz

Guggenheim Bilbao Museoa zabalik egongo da datorren astelehenean, Pazko Astelehena dalako eta Bilboko Artelan Berreginen Museoak, barriz, zabaldu egingo dau bere irekiera ordutegia Aste Santuko egunetan.

Guggenheim Bilbao Museoa zabalik egongo da datorren astelehenean, Pazko Astelehena dalako, eta jaiegun horretan museora bisitari ugari hurreratzen dalako, pinakoteka bilbotarreko arduradunek jakinarazo dabenez.

Museora doazenek ondorengo 'Robert Rauschenberg: Gluts' aldi baterako erakusketea bisitau ahal izango dabe. Artistak hil baino lehen egin eban azken sail hau bide-seinaleakaz, iheshodiakaz, kalandrakaz, metalezko pertsianakaz eta beste hondakin batzuekaz egindako 60 bat lanek osotzen dabe.

Horrezaz gan, bisitariek 'Anish Kapoor' erakusketaz be gozau ahal izango dabe. Eragin handia dauen artista gailen honek eskultura garaikidearen aukerak eraldatu ditu. Erakusketa monografiko honetan 30 urteetan sortu dituan artelanak dagoz ikusgai eta horreen artean nabarmentzekoa da 'Tiroak txokoan' (Shooting into the Corner): kanoi batek argizari gorrizko jaurtigaiak tirokatzen ditu aretoko horma batera.

Era berean, egun horreetan zehar 'Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak' Bilduma Iraunkorraren aurkezpena izango da ikusgai museoan. Museoaren bildumea osotzen daben artelanez (egun 63 artisten 103 lan dagoz) bakarrik osotutako lehen erakusketea da eta bertan Bildumearen ildo nagusiak azaltzen dira.


Bilboko Artelan Berreginen Museoak zabaldu egingo dau bere irekiera ordutegia Aste Santuan

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Artelan Berreginen Museoak bere irekiera ordutegia aldatuko dau datozen egunetan Aste Santua dala eta. Holan, bihartik domekara, 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta apirilaren 5ean, 10:00etatik 14:00etara.

Horrezaz gan, Aste Santuko hurrengo egunetan bisitak egongo dirala aurreikusita, museoko arduradunek 'Noren esku? Giza Eskubideak Historian' aldi baterako erakusketea apirilaren 11ra arte luzatzea erabagi dabe. Joan dan irailaren 11n inaugurau zan erakusketea, eta bere helburua garai historiko desbardinetan egon diran eskubideen kontzeptu desbardinak ulertzea eta gaur egungo Giza Eskubideen Deklarazino Unibertsalagaz alderatzea da.

Eusko Jaurlaritzeak, Unescok eta Unesco Etxeak babestutako erakusketearen ardatza, museoaren bilduman dagozan Unibertsoaren Historiako zenbait garai eta kulturatako bederatzi pieza izango dira, Mariaren Bihotzaren eleizan inoiz erakutsi bakoak. Horreen aurretik, Giza eskubideen Deklarazino Unibertsala aldarrikatu zanetik, Giza Eskubideen inguruan gertatutako unerik gatazkatsuenen ikuspegia emoten daben kazetaritzako zenbait irudiz osotutako argazki panela dago ikusgai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu