Hermes aldizkariak zenbaki berezia eskaini deutso Jose Antonio Agirre lehendakariari

Bizkaie! 2010-03-30 18:18   kulturbiz

Aitatu argitalpenean, EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluren eta bizirik dagozan hiru lehendakari abertzaleen –Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxe— gogoeta bana jaso dira, baita Iñaki Anasagastik Manuel Irujori 1975ean, Caracas-en, Agirreri buruz egindako alkarrizketa inoiz argitaratu bako bat.

Jose Antonio Agirre Lekuberen heriotzearen 50. urteurrena gogoratzeko, AL50 batzordeak antolatu dituan jardueren egitarauaren barruan, Sabino Arana Fundazinoak Hermes aldizkariaren zenbaki berezi bat aurkeztu dau, hain zuzen, oso-osorik Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariari eskainia. Aurkezpena gaur, hilak 30, izan da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi Aretoan; parte hartu dabenak: Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Joseba Agirre, Agirre lehendakariaren semea; eta Jose Antonio Rodríguez Ranz, Hermes aldizkariko zuzendaria.

Zenbaki berezi horretan lehenengo euskal lehendakariaren bizitza, giza izaria eta izari politikoa aztertuko ditue Juan José Ibarretxe, Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea lehendakariek, EAJ-PNVren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk, Iñaki Anasagasti senatariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xosé Manuel Núñez Seixas, Ludger Mees eta Iñaki Goiogana historialariek, ekin berezia eginda harek itxitako legatuan.

Orain dala ia hamar urte, 2001eko urtarrilean, ikusi eban argia lehenengo aldiz Hermes aldizkariaren 0 zenbakiak, 1917 haretan izen beragaz sortutako aldizkariaren ondorengoa, hain zuzen. Aurkezpen-editorialean Hermes 'pentsamendu eta historia aldizkari legez agertzen zan, euskal nazino-identidadea berresteko eta garatzeko helburuagaz, pertsonaren funtsezko eskubideakazko begirune haustezinean oinarrituta'. Hermesek bere gain hartu eban 'euskal gizartearen pluraltasuna', adierazoteaz batera 'autodeterminazino-eskubidea erabiltea dala herrien askatasun politikoaren adierazpena'.

Pertsona, herria, nazinoa, askatasun politikoa, autodeterminazinoa, pluraltasuna… Agirreren ideien funtsezko harroinak be badira. Horrexegaitik, bada, eta lehenengo lehendakariaren heriotzearen 50. urteurrenean, Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariak zenbaki monografikoa argitaratu dau XX. mendeko euskal politikaririk garrantzitsuena izan danaren figuraren glosa egiteko.

Aitatu argitalpenean, EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluren eta bizirik dagozan hiru lehendakari abertzaleen —Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxe– gogoeta bana jaso dira, baita Iñaki Anasagastik Manuel Irujori 1975ean, Caracas-en, Agirreri buruz egindako alkarrizketa inoiz argitaratu bako bat be, edo Ludger Mees eta Xosé M. Nuñez Xeisas irakasleen, Iñaki Goiogana historialariaren eta Andrés Urrutia euskaltzainburuaren artikulu bana. Horreez gan, dokumentu-eranskin batek, argazki-album batek eta hartarakoxe egindako bost arte-kolaborazinok osotzen dabe Hermes aldizkariaren zenbaki hau.

Aldizkariko zuzendariak, José Antonio Rodríguez Ranz irakasleak, 2010 urte honetaz berba egitean, AL50 urtea deitu deutso. 'Urteetan zehar euskaldunok –adierazo dau– bizirik eutsi deutsagu, zatika bada be, lehendakariaren oroitzapenari; lorak ezarri doguz haren hilobian, Donibane Lohitzunen; urteurren-mezak antolatu, gure herrietako hainbat kale eta plazari haren izena ipini… Aurten beste pausu bat egin nahi dogu, zor bat kitatu nahi dogu, urte sano gogorretan duintasunaren, askatasunaren eta legitimidade demokratikoaren garrari bizirik eusten jakin ebenak goretsi eta eskertu, hain zuzen. Balioetsi nahi dogu pertsonea, politikaria, euskaldun guztien lehendakaria, gaur egun, 50 urte igaro diralarik, XXI. mendeko euskaldunentzat bide-orri ezin hobea izaten segiduten daben balio batzuk –demokrazia, askatasuna, humanismoa, gizarte-justizia, europazaletasuna, unibertsaltasunerako jokerea eta pasinoa, nazino-batasuna, autogobernua, bakea, alkarrizketea…– hazurmamitu zituan gizona. 50 urte geroago, Agirreren izpirituak bizirik dirau, Agirreren bihotzak taupaka darrai'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu