Elektronikea eta punka buztartuz, plazan dago Munlet-en 'Cañón' disko barria

Bizkaie! 2010-03-26 11:29   Musikea

Munlet proiektu barriaren laugarren fasean dago, hau da, 'Cañón' zuzenean aurkezteko fasean. Holan, zenbait kontzertu ditu bagilera arte: apirilaren 30ean, Donostiako Gazteszenan; maiatzaren 1ean, Bermeoko Nuntxakun (Bizkaia); maiatzaren 8an, Zarauzko Gaztetxean (Gipuzkoa); maiatzaren 14an Bilborock aretoan (Bilbo); eta bagilaren 5ean, Madrilgo Nasti aretoan.

Munlet taldeak 'Cañón' (Gaztelupeko Hotsak, 2010) disko barria plazaratu dau, 'musika elektronikoa eta punka modu bizian baina nahiko zentzuzkoan nahasten dituan disko barritzailea', Ina Herr Professor taldearen sortzaileak eta programazino, gitarra eta teklatuen arduradunak adierazo dauenez.

Inagaz batera, Anita Lady Fingers (ahotsa, sintetizadoreak, theremin eta vocoder) da Munlet taldeko beste sortzailea. Halan da be, oraingoan, bikote izatetik boskote izatera igaro da taldea, Oscar Alvarez (bateria eta koruak), Sergio Llanos (gitarra, saxoa eta koruak) eta Arkaitz Garai (baxua) be sartu baitira proiektuan.

'Clínica de ruidos' (Transpop, 2007) lanaren ondoren, Munlet-ek kaleratzen dauen iraupen luzeko bigarren diskoa da 'Cañón'. Jose Lastrak Mungiako Lamiña estudioan eta Ina Herr Professor-ek Mendaroko El Cubo-n grabau eben 2009ko garagarrila eta abendua bitartean, 2008ko Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketan bigarren eta Euskal Herriko Talde Onena izatea lortu ondoren.

Inak dinoanez, urtebete baino gehiagoko prozesua izan dau diskoak. Egitasmoaren lehen fasea kantu gehienak idaztearena izan zan, 2009ko hasieran, eta lau edo bost hiletan egin zan. 'Fase oso sortzailea izan zan, hasierea eta amaierea izango zituan disko bat egiteko asmoagaz, ez gendualako nahi denporan zehar pilatzen dozuzan abestien bilduma bat bakarrik egin', azaldu dau.

Ondoren, taldea osotzeko fasea heldu zan, abesti barriak talde bategaz interpretetako idatzita egozan, eta ez orduko bikote formatuan. Holan heldu zan proiektuaren hirugarren fasea, hau da, diskoaren grabazinoa, eta hor sartu ziran Los Brebes, Eureka Hot IV eta Inserta taldeetatik heldutako hiru musikari barriak.

Ina Herr Professor-en eretxiz, diskoa grabetako fasea 'ikasketa prozesu itzela' izan zan, ordura arte grabautako guztia era analogikoan egin ebelako eta oraingoa digitala izan zan aukeraturiko metodoa. 'Eta oso positiboa izan da, ate eta aukera ugari zabladu deuskuzalako', gaineratu dau.

Momentu honetan, Munlet proiektu barriaren laugarren fasean dago, hau da, 'Cañón' zuzenean aurkezteko fasean. Holan, boskoteak zenbait kontzertu ditu bagilera arte: apirilaren 30ean, Donostiako Gazteszenan, maiatzaren 1ean, Bermeoko Nuntxakun (Bizkaia), maiatzaren 8an, Zarauzko Gaztetxean (Gipuzkoa), maiatzaren 14an Bilborock aretoan (Bilbo) eta bagilaren 5ean, Madrilgo Nasti aretoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu