Eskena-k arte eszenikoen biziraupena bermatuko leuken eredu barriaren beharra aldarrikatu dau
2010-03-24 17:38 kulturbizEgoera ekonomikoaren oihartzuna aprobetxauta indartu diran diskurtso neoliberal interesatuak salatuz, kulturearen kudeaketea alor pribatura eroan nahi daben ahotsen aurrean, sistemen batasuna eta integrazinoa urtenbide legez aldarrikatu dau Eskena-k.
Euskadiko Produkzino Eszenikoen Enpresa Elkartua (ESKENA) antzerkia ospatzeko asmoz martiaren 27an Munduko Antzerki Egunaren harian, Arte Eszenikoen biziraupena bermatuko leuken eredu barri baten alde agertu da, artea eta obren kalidadea leihatilako interesen gainetik babestuko dituan eredua; sormenaren, produkzinoaren, komunikazinoaren eta ikuskizunaren begiradak batuko dituan eredua; ezinbestekoa dan eta oraindino bizirik dagoan arteagaz gizartea, oro har, atrapetako gai izango dan eredua.
Izan be, Eskena-k zabaldutako komunikatuan ohartarazo dauenez, krisiagaz, sektore pribatuak —produktoreak—, finkapen-prozesuaren erdibidean egonik, aurrekontu publikoak murrizten ikusi dau. Gure erakundeen kasuan, kultura sailetan aurtengo ekitaldirako izandako beherapenak esanguratsuak dira oso: % 11koa Eusko Jaurlaritzan, % 30ekoa foru aldundietan bataz beste eta hortik eta % 50eraino Euskadiko hainbat udaletan.
Ondorioz, azken urteotan jaiotako eta ezarritako hainbat eta hainbat egitasmo kultural gauzatzeko arriskuan dagozala azpimarratu dau: 'Teknikariek, udaletxeetako kultura-kudeatzaileek, era berean, abian jarritako proiektu asko zelan desagertzen diran ikusten dabe. Ez dakite euren lanagaz jarraitzerik izango daben datozen hilebeteetan eta indar barik geratuko dira, antzoki barri distiratsuetan bakarrik, programazinoagaz zer egin ondo jakin barik. Epe laburrean, doikuntza nagusia prezioetan izango da, dirurik izan ez arren, antzokiek ez deutsielako programazinoari uko egin gura izango eta ordainsariak negoziatuko deutseez konpainiei, eta hareek kostuak eta soldatak egokituta eta langileak murriztuta ahaleginduko dira aurrera egiten'.
Bestalde, egoera ekonomikoaren oihartzuna aprobetxauta indartu diran diskurtso neoliberal interesatuak salatuz, kulturearen kudeaketea alor pribatura eroan nahi daben ahotsen aurrean, sistemen batasuna eta integrazinoa urtenbide legez aldarrikatu dau Eskena-k. 'Eskastasunera itzulita, denpora-tarte bat irautea lortuko dogu seguru asko, eskasiaren garaian asmamena zorroztearen ondorioz obren kalidade artistikoa hobetu egiten dala entzuten dogun bitartean; zeozer egin behar dauela badakien, baina arazoa konpontzeko ezer egiteko asmorik ez dauenaren ohiko berbak'.
Hori dala eta, arte eszenikoen produktoreek Munduko Antzerki Egun hau ospatzeko konbita luzatu nahi izan dabe, antzerkiak eragiten dauen ongizate-sentipena konpartiduteko asmoz: 'Joan gaitezen antzerkira, zaindu daigun antzerkia sarreraren neurrian bakarrik pentsau barik, Lorca-k inoan legez, eta emon daiotsegun arrazoia etorkizuneko begiradea eskaintzen deuskunari, ‘Bihar, bihar, bihar!’ esan eta mundura datorren bizitza barria sentiduten dauenari'.
ESKENA
Alkartea 1995. urtean sortu zan gure herrialdeko konpainiarik dinamikoenen eta profesionalenen ekimenari esker. Izan be, ikuskizunen mundua egituratu eta agertokiko sorkuntza garatzeko baldintzarik onenak bilatzea izan zan alkartearen oinarria. Gaur egun, sustatzaile moduan indar handia dauen erreferentzia eta gure komunidadeko enpresa eszenikoen komunikazinorako, egonkortasunerako eta garapenerako beharrezko bitartekaria da; izan be, sektore mailan ordezkaritza lanak egiteko gaitasuna dauen entidade bakarra da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!