Bilbok Nazinoarteko Poesiaren Eguna ospatuko dau Miguel Hernandez poeteari eskainitako errezitaldiagaz
2010-03-18 12:44 kulturbizBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Nazinoarteko Poesiaren Eguna ospatuko dau martiaren 22an, Miguel Hernándezen irudiari eskainitako poesia errezitaldiagaz, poeta handiaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen dan urtean, izan be, 1910eko urriaren 30ean jaio zan.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Nazinoarteko Poesiaren Eguna ospatuko dau martiaren 22an, Miguel Hernándezen irudiari eskainitako poesia errezitaldiagaz, poeta handiaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen dan urtean, izan be, 1910eko urriaren 30ean jaio zan. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
Hamar urtetik hona, martiaren 21ean Nazinoarteko Poesiaren Eguna ospatzen da mundu osoan. Egun hori UNESCOk bultzatutako ekimena da, herrialde guztietan egiten diran poesia jarduerak ezagutzeko eta poesia funtsezko kultura mota legez sustatzeko asmoz. Aurten egun hori domekea danez, Bilboko Udalak ekitaldiak astelehenera, martiaren 22ra, eroan ditu.
Ekitaldia, '27 + 1 Miguel Hernández y la Generación del 27' izenburuko poesia errezitaldia izango da, eta Murtziako poeta bikainaren lana errepasauko dau, jaio zanetik ehun urte beteten diran honetan. Daniela Bartolomé poetak eta Iñaki Urrutia aktoreak jarriko deutsee ahotsa Miguel Hernándezen poemei, Juan Pérez Menak gitarreagaz lagunduta.
Izan be, Iñaki Urrutia antzezleak egiten dau poetearen papera 2009ko urriaren 30ean estreinau zan 'Versos presos para la libertad' antzezpenean. Miguel Hernándezen lana eta irudia oso ondo ezagutzen dituan antzezle bilbotarrak, poeteak idatzitako poemak errezitetan ditu eta Joan Manuel Serrat edo Paco Ibáñez lako kantautoreek sortu zituen abestiak abesten ditu eszenatoki gainean.
Hernández eta 27ko Belaunaldia
Oraingo honetan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak programau dauen errezitaldiak, poetearen lan garrantzitsuenetako batzuk jasoko ditu. Poema horreek 'Perito en lunas', 'Viento del pueblo', 'El rayo que no cesa' edo 'Las Nanas de la cebolla' lako lanetatik ataratakoak izango dira. Horrezaz gan, poema horreekaz batera, 27ko Belaunaldiko ordezkari nagusien beste batzuk be irakurriko dira, Miguel Hernándezek lotura handia izan ebalako belaunaldi horregaz.
Miguel Hernández, XX. mendeko Espainiako literaturan garrantzia berezia izan dauen poeta eta dramaturgoa izan da. Betidanik 36ko belaunaldiaren barruan sartu izan dan arren, lotura handiagoa izan eban aurreko belaunaldiagaz, eta, batzuen eretxiz, 27ko Belaunaldiaren 'epilogo bikaina' izan zan. Gerra zibila hasi zanean, Errepublikarrakaz alkartu zan. Idazlea tuberkulosiaren ondorioz hil zan 1942an, oso gazterik, Alacanteko presondegian. Kartzela horretan, Buero Vallejo izan eban ziegako kide.
Nazinoarteko Poesiaren Eguna Bidebarrieta Kulturguneak, Bidebarrietako Liburutegian kultureari eskainitako eta bere helburuen artean liburuaren eta literaturearen garapena eta sustapena dauen guneak, antolatu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!