Erlea kultura aldizkariaren bigarren zenbakia aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2010-03-17 14:52   kulturbiz

Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen dau -akademiaren egistamoetako bat da-, eta Jose Irazu 'Bernardo Atxaga' idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizinoaz eta diseinuaz. Ale honetan, Irlanda da gai nagusia; hortik, ekimena gaur aurkeztu izana, San Patrizio egunean.

Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian egindako prentsaurrekoan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxaga euskaltzain eta zuzendariak egin dabe aurkezpena. Iluntzean, 19:30etan, Bilboko Kafe Antzokian, jentaurreko ekitaldia izango da eta, bertan, berbaldia egongo da, baita errezital laburrak, bideo-emonaldi bat eta kantak be, Irlanda eta Euskal Herriaren inguruan. Bertan izango dira, besteak beste, Txomin Artola, Josu Zabalak, Jose Angel Irigarai, M. A. Elustondo eta Kepa Altonaga.

Kontuak kontu, Erlea-ren bigarren zenbaki honetako gai nagusia Irlanda da eta horregaitik aurkezpena gaur, martiak 17 izan da, St. Patrick eguna, Irlandako jai nazionala.

'Barruko kalatik atako bandara joateko gonbite' legez definidu dau Urrutiak aldizkariaren zenbaki barria; hau da, euskal kulturearen ugartera joateko bidea da lan hau. Atxagaren ustez, gero eta nabarmenagoa da euskal kulturea deitzen dogun hori 'barruko kalan' geratzea eta, 'egitasmo honen inguruan, oso goian kokatuko dan produktua egotea da gure amesa'.

Zenbaki honek bidaia bat proposatzen dau, Andres Urrutiaren esanetan: 'Euskal Herritik Irlandara, baina baita Irlandatik Euskal Herrira be'.

Pozik agertu da Bernardo Atxaga. Batetik, Irlandari buruzko atala ikusita, oso interesgarria dalakoan dago -besteak beste, Seamus Heaneyren testu batzuk agiri dira, Paddy Woodworthenak, baita Patxi Ezkiagaren itzulpenak edota Txomin Artola eta Jose Angel Irigarairen testuak be-, eta bestetik, aldizkariaren atalak finkatzen ari diralako, jente askoren konplizidadeagaz gainera. 'Jentea -esan dau Atxagak- laguntzen ari da, eta nik idazle danakaz berba egingo dot, denei idatziko deutset, ahots desbardinak interesetan jatazalako niri. Ahotsak nahi dodaz, ez dot nahi korurik'.

Alkarrizketeak indar gehiago hartu dau zenbaki barrian eta 'Joxean Agirrek alkarrizketa moduko bat egin deutse aldi berean idazle eta bertsolari diranei'. Beste alkarrizketa garrantzitsu bat be badago, Marino Lejarreta txirrindulariari egindakoa, 'bere bizitzan garrantzia daben objektuetan oinarrituta'.

Aitatutakoakaz batera, Koldo Izagirrek, Aurelia Arkotxak, Xabier Montoiak, Joxean Agirrek, edota Harkaitz Kanok parte hartzen dabe zenbaki honetan. Juanjo Zearreta Euskaltzaindiko kudeatzailearen eta Joxemiel Bidador idazlearen omenezko artikulu bi dagoz Erlea-n, baita Zaldieroaren komikia eta Jose Luis Zumetaren lana -aldizkariaren azala eta Marino Lejarretaren erretratua- be.

Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen dau -Akademiaren egistamoetako bat da-, eta Jose Irazu 'Bernardo Atxaga' idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizinoaz eta diseinuaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu