Eguenean abiatuko da 2010eko Literaldia, euskal literaturea Katalunian ezagutarazoteko ekimena
2010-03-15 14:09 jardunaldiakErrezitaldiek, irakurketek, musika-emonaldiek, lehiaketek eta abarrek publiko katalana euskal literaturara hurreratuko dabe. Aurtengoan, ganera, Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sorturiko Batekmila, euskal munduak erakusketeagaz osotuko da jaialdiaren egitaraua. Literaldia’10, martiaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunagaz bat.
Bartzelonako Euskal Etxeak eta UAB (Bartzelonako Unibersidade Autonomoa), UB (Bartzelonako Unibersidadea) eta HEOko (Hizkuntza Eskola Ofiziala) euskera sailek euskal literaturea Katalunian ezagutzera emoteko antolatzen daben VI. Literaldia eguen honetan, martiak 18, hasiko da. Hilabete batez, errezitaldiek, irakurketek, musika-emonaldiek, lehiaketek eta abarrek publiko katalana euskal literaturara hurreratuko dabe. Aurtengoan, ganera, Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sorturiko Batekmila, euskal munduak erakusketeagaz osotuko da jaialdiaren egitaraua. Literaldia’10, martiaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunagaz bat.
Aitatutako erakusketeaz gan (Amaia Riouspeyrous eta Gorka Knörren musika emonaldiagaz inaugurauko dabena), egitarau zabala izango da literaturzaleen eskura Bartzelonan. Stock 13 liburuaren aurkezpenak eta Edorta Jimenezek euskal literaturearen ganean emongo dauen berbaldiak zabalduko dabe aurtengo Literaldia. Ondorengo egunetan, euskal literatur kritikearen inguruko mahai-inguruak, berbaldiak (Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Edorta Jimenez...), dokumentalak, Mihiluze Lehiaketea, liburu-aurkezpenak (tartean, Patxi Baztarrikaren Babel o barbarie. Una política lingüística legítima y eficaz, bertso-afaria eta beste hainbat ekimen izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!