Boinas La Encartada Museoak emakumeen lana nabarmentzeko programa berezi bat antolatu dau

Bizkaie! 2010-03-04 09:41   jardunaldiak

La Encartada Museoaren ekitaldien artean, besteak beste, UPV-EHUko irakasleak diran Arantza Parejak eta Karmele Zarragak 'Mujeres trabajadoras de Bizkaia en imágenes' izenburuko berbaldia emongo dabe, martiaren 4an, 18:45ean.

Balmasedan dagoan Boinas La Encartada Museoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailagaz batera, Emakumearen Nazinoarteko Eguna (martiaren 8a) dala-eta egingo diran ekitaldietan parte hartu gura izan dau. Esangura horretan, egunaren garrantzia azpimarratzeko programa berezi bat antolatu dau -museoaren lokaletan garatuko da-, eta haren barruan, bisita bereziak eta berbaldiak egongo dira.

Programara batutako ekitaldien artean, besteak beste, UPV-EHUko irakasleak diran Arantza Parejak eta Karmele Zarragak 'Mujeres trabajadoras de Bizkaia en imágenes' izenburuko berbaldia emongo dabe, martiaren 4an, 18:45ean. Era berean, eskola-umeentzako 70-80 minutuko prestakuntza-jarduera bat egongo da: 'Bardintasunean hezi: emakume lana lantegietan'. Zabalik egongo da martiaren 5era arte, 10:00etatik 12:30era, eta sartzeko 2 euro pagau behar dira.

Martiaren 6 eta 7an, 'La fábrica en 1918' dramatizautako bisita berezia egongo da; zapatuan, martiak 6, 17:00etan eta domekan, zezeilak 7, barriz, 13:00etan. Sarrerea hiru euroan eskura daiteke eta plaza kopurua mugatua da.

Horrezaz gan, martiaren 7ra arte, 'Emakumearen lana txapel lantegian' izeneko erakusketea bisitau ahal izango da, 50 minutuko ibilaldi batean. Erakuskeeta 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta ikusi ahal izateko, 3 euroko sarrerea pagau behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu