'Ez' esateko hamaika arrazoi
2010-03-02 11:49 kulturbizMaria Mur-ek galdetzen deutso bere buruari: 'zergaitik erabilten da hainbestetan artea salbatzaile-tresnatzat, inori interesetan ez bajako artea'. Mur and.ak kritika zorrotza egiten deutso Guggenheim Bilbaori: 'Museo autista bat da. Ez dauka bape loturarik hemen lan egiten daben eragileakaz'.
Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibain Guggenheim barri bat eregiteko asmoa iragarri ebanetik, politika munduan alde eta kontrako hainbat eretxi entzun dogu. Jakin badakigu egitasmo hori aitatu eskualdearen sustapenerako EAJren erronkea dala, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura saila kontra azaldu. Baina, zer dino kulturgintzako jenteak?
Bada, azken aldion hasi dira jarrerak eta eretxiak azaltzen eta, antza, ez jake larregi gustetan ideia. Nahikoa argi gelditu zan pasa dan barikuan Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egindako mahai-inguruan. Bertan hiru berbalagun batu ziran: Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izandakoa, Maria Mur Consonni Arte produkzino etxeko kidea eta Xabier Laka artista eta irakaslea. Hirurak, Guggenheim-Urdaibai-ren kontra azaldu ziran.
Zergaitik? Hasteko, 'proiekturik ez dagoalako', Joseba Arregiren esanetan: 'Ez dogu ezagutzen egitasmo horren edukia, ezta dimensinoa edo izateko arrazoia be. Aurrekontua eta bideragarritasunerako hamaika azterketa baino ez dogu ezagutzen'. Gainera, proiektuaren beraren definizinoa edo zehaztapena ez dago bape argi. 'Hasieran Guggenheim Bilbaoren handitze edo zabaltze moduan aurkeztu eben; gero, ideia hori bertan behera itxi eta naturearen inguruko zeozer izango zala zabaldu eben. Beraz, miloeka euro ipiniko ditue edukirik bako proiektu bat egiteko'.
Indefinizino horrek brometarako aukerea emoten dau. Consonniko Maria Mur-ek 'Guggenheim Marina D’ Or' izentau eban proiektu barria eta Xabier Lakak 'G2' izena ipini eutson. Iraskasle honen eretxiz, egitasmo horren ekonomismoan oinarrituriko planteamenduak zikintzen dau guztia: 'Ezin da arteaz berba egin ekonomismoan oinarrituriko erizpide bategaz'. Are gehiago, Lakaren eretxiz, 'G2 Guggenheim-egaz dagoan hitzarmena luzatzeko trikimailua baino ez da'. Arregik be susmo hori dauka. Gainera, bere ustez, 'behin ondo atara izanak ez dau zertan esan nahi barriro ondo atarako danik'. Izan be, 'motor kultural bezela edo kulturearen sustapenerako funtzionau daian nahitaezkoa da gitxieneko logika kulturala. Zer ari dira bilatzen? Marka bat? Orduan, Coca-Colak be balio dau'.
Maria Mur-ek galdetzen deutso bere buruari: 'zergaitik erabilten da hainbestetan artea salbatzaile-tresnatzat, inori interesetan ez bajako artea'. Mur and.ak kritika zorrotza egiten deutso Guggenheim Bilbaori: 'Museo autista bat da. Ez dauka bape loturarik hemen lan egiten daben eragileakaz'. Eta, bai Bilbokoa, bai Urdaibaikoa, 'kulturearen mcdonalizazino bezela' ikusten ditu. Horregaitik, 'harrien garia baztertu eta sorkuntzearen sustapenari hasierea emoteko ordua dala' aldarrikatu eban.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!