Bilbaoeszenak arte eszenikoen sustapenerako 'Artistak egoitzan' programearen deialdia zabaldu dau

Bizkaie! 2010-02-23 14:50   kulturbiz

Programa honetan, Bilboko Udalak helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntzea sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, arlo eszenikoak eta, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusiak izanik.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bilbaoeszena Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak 'Artistak egoitzan' programearen 2010eko deialdia zabaldu dau. Programea igaz hasi zan Bilbon arte eszenikoak sustatzeko eta bultzatzeko asmoagaz.

Aurtengo deialdira aurkeztu nahi diran personak 2010eko martiaren 15era arte izango dabe aukerea euren sorkuntza-proposamenak aurkezteko. Lehen edizinoan bezela, gehienez bost arte-egoitza aukeratu ahal izango dira, eta horreen helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da.

Bilbaoeszenaren 'Artistak egoitzan' programearen helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak eta abar) eta, batez be, eszena barriakaz zerikusia izanik, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza daben arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta jantzea izanik.

Programa honetan, Bilboko Udalak helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntzea sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, arlo eszenikoak eta, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusiak izanik. Era berean, hirugarren helburu bat be aita daiteke, hau da, sorkuntzako talentua topatzera eta erakartera bideratua, produkzino garapen prozesurako sarrerea erraztuz.

18 urtetik gorako artistek, bakarka edo taldean aurkeztu leikiez deialdi honetarako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan Bilbaoeszenagaz parte hartu nahi badabe. Parte-hartzaileen nazionalidadea edozein izan daiteke baina egoitza bi, gitxienez, euskal artisten proposamenetarako izango dira.

Egoitza bakotxak gehienez 35 eguneko iraupena izango dau eta epe horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztu eta aukeratutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak Bilbaoeszenaren lokaletan eta beste udal ekipamendu batzuetan egingo dira, batez be garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakotxerako diru-kopurua gitxienez 1.500 euro eta gehienez 5.000 eurokoa izango da.

Egoitza proiektuaren proposamen zehatzak gehienez be 15 orrialde izango ditu, eta bertan zehetasun artistikoak, prozesuaren deskribapena, egoitzearen helburua eta eduki artistikoak azalduko dira. Agiri hori euskeraz edo gaztelaniaz bialdu ahal izango da eta beste hizkuntzaren batean bialdu ezkero, atal bakotxaren laburpena erantsi beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean idatzita.


2009ko edizinoa

'Artistak egoitzan' programearen lehenengo edizinoan, 74 eskari jaso ziran, programak eskaintzen zituan bost egoitzetako bat jasoteko. Hamasei proposamen Bilboko artistek aurkeztu zituen; beste hamar Euskal Autonomia Erkidegoko sortzaileak aurkeztutakoak izan ziran; 37 Espainiako lekuetatik jasotakoak izan ziran, eta ganerako 11k Italia, Argentina, Suitza, Grezia edo Mexiko lako herrialdeetatik, besteak beste.

Horreetatik guztietatik, proposamenak aukeratzeko ardurea izan eban batzordeak honakoak aukeratu zituan: Rosa Casadok aurkeztutako 'El ser humano perfecto-el vídeo Booth' izenekoa eszenan jartea garatzeko; Sandra Fernandezek, Paloma Callek eta La Tristura taldeak aurkeztutako 'Fa en cuarta', 'My heart belongs to daddy' eta 'Actos de juventud' proposamenak, hurranez hurran; eta Matxalen de Pedrok aurkeztutako 'Ex_ceso' proiektua aurrera eroan ahal izateko. Aurkeztutako lanen ia erdia emakume banakoek aurkeztu zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu