Euskaltzaindiak eta Bizkaia Irratiak bigarren lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2010-01-12 10:39   Euskerea berbagai

Hitzarmen horregaz, erakundeok alkarregaz lan egingo dabe, batez be euskerearen normalizazinoari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarritako arauak zabaltzeko.

Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango dauen lankidetza-hitzarmen barria, orain arteko bigarrena, sinatu dabe Akademiaren egoitzan, Bilbon. Irratiaren izenean, Dorleta Alberdi zuzendariak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmen horregaz, erakundeok alkarregaz lan egingo dabe, batez be euskerearen normalizazinoari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarritako arauak zabaltzeko. Alberdigaz eta Urrutiagaz batera, sinatze-ekitaldian Jose Luis Lizundia eta Adolfo Arejita euskaltzainak be izan dira.

Hizarmenaren bidez, Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak alkarri euren ikerketa-ondareak erabilteko aukerea emongo deutse eta, batez be, euren artxibategi, fonoteka eta bibliotekak erabilteko aukerea.

Bitartean, Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Bizkaia Irratiak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikeari, onomastikeari -batez be toponimia arloan-, ortografiari eta, oro har, euskerearen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak diranean.

Irratigintzearen arloan, alkarlana bultzatuko da eta programak sustatuko dira, euskerazko normalizazinoaren eta normatibizazinoaren eremuan, euskerazko zabalkunde-lanak batera egiteko eta, holan, sinatzaileek euskerearen inguruan sortutako corpusa zabaltzeko.

Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak alkarlana garatuko dabe, baita, euren biblioteketako eta fonoteketako euskal funtsak sendotzeko, eta lankidetza politikea bultzatuko dabe ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezan, euskereari eta euskal kultureari jagokezan komunikabide eremuetan.

Hiru urteko iraupena izango dauen hitzarmen hau koordinetako, Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dabe, bakotxak bina ordezkarigaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu