Guggehneim Bilbao Museoaren bisitari kopuruak nabarmen behera egin eban 2009an

Bizkaie! 2010-01-05 11:33   kulturbiz

Museoak 905.048 bisitari erakarri zituan 2009. urtean, 2008an baino % 4,73 gitxiago, hain zuzen be. Beherapen hori izan arren, museoaren arduradunen esanetan, ekitaldi horretarako aurreikusitako joerak bete zituan.

Guggenheim Bilbao Museoak 905.048 bisitari erakarri zituan 2009. urtean, 2008an baino % 4,73 gitxiago, hain zuzen be. Beherapen hori izan arren, museoaren arduradunen esanetan, ekitaldi horretarako aurreikusitako joerak bete zituan. Beraz, balantzea 'positibotzat' jo dabe, egoera ekonomiko desegokia izan da Euskal Autonomia Erkidegora etorritako nazinoarteko bisitarien kopuruak behera nabarmen egin eban arren.

Bisitarien jatorri geografikoari jagokonez, 2009ko barritasuna estadu espainiarretik etorri ziran bisitari kopuruaren sei puntuko gorakadea izan zan: % 40 aurten, igazko ekitaldiko % 34aren aurrean. Era berean, horreen artean, nabarmentzekoa da EAEtik bertatik etorri ziran bisitari kopuruaren gorakada (% 14, 2008an baino lau puntu gehiago eta 2007ko kopuruaren bikotxa baino gehiago).

2009an bisitari atzerritarren artean izan zan beherapena (bisitari kopuruaren % 60, 2008ko % 66aren aurrean), bertako eta estaduko bisitarien kopuruaren gorakadeagaz orekatu eban museoak. Halanda be, oso maila altuetan mantenidu zan portzentajea, museora etorri ziran hiru bisitaritik bi atzerritarrak ziran eta. Horreen artean, frantsesak izan ziran, aurreko urteetan legez, museora gehien etorri ziranak (% 19), eta ondoren ingelesak (% 7), alemanak (% 7), estadubatuarrak (% 5) eta italiarrak (% 5).


Webgunea eta hezkuntza programak

2009. urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, www.guggenheim-bilbao.es webguneak 958.702 bisita izan zituan (2008an baino % 21,8 gehiago) eta 4.747.380 orri ikusi ziran (2008an baino % 13,9 gehiago).

Pasa dan ekitaldian, 571.795 lagunek (2008an baino % 20,93 gehiago) parte hartu eban Guggenheim Bilbao Museoak publiko zabalarentzat (hezitzaileak, umeak, familiak, gazteak, Museoaren Lagunak, gizarte-egoera eskaseko taldeak, etab.) antolatu zituan 50 hezkuntza programetako batean.

Bestalde, Kide Korporatiboen Programea 134 korporazinok osotzen dabe eta Banakako Kideen Programa hazi egin zan igaz be. Gauzak holan dirala, 16.110 lagunegaz, estaduko mota horretako talde handiena da eta Europako garrantzitsuenetako bat.


Eragina ekonomian

2009. urtean Guggenheim Bilbao Museoaren jarduerek EAEko ekonomian izan eben eragin ekonomikoaren inguruan egindako azterketan alderdi batzuk nabarmendu ditue arduradunek. Igaz, museoaren jarduereak Euskadin sortutako guztizko gastu zuzena 204.506.729 eurokoa izan zan, bisitari bakotxeko 225,97 euroko bataz besteko gastua, hain zuzen be.

Ganera, 2009an Guggenheim Bilbao Museoaren jarduerek 185.576.062 euroko aberastasuna sortu eben EAEko BPGan, eta jarduera ekonomiko horrek eraginda, 25.273.604 euroko sarrera gehigarriak izan zituen euskal ogasun publikoek. Ganera, jarduera honek 3.695 enplegu mantentzen lagundu eban.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoak Europan buru diran kultura erakundeen artean dauen lekua bermatu eban autofinantzazino-maileari jagokonez, 2008an legez, % 65 ingurukoa izan zan-eta, hau da, hiru eurotik bi museoak berak sortu zituan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu