Pearl Jam da 2010eko Bilbao BBK Live jaialdirako baieztatutako lehenengo talde nagusia
2009-12-10 16:52 MusikeaPearl Jam talde estadubatuarrak Bilbon joko dau 2010eko garagarrilaren 9an, BBK Live jaialdiaren bosgarren edizinoaren barruan, Last Tour International-eko eta Bilboko Udaleko ordezkariek prentsaurrekoan gaur iragarri dabenez. Datozen egunetan talde gehiago jakinarazoko dituela gaineratu dabe antolatzaileek.
Pearl Jam talde estadubatuarrak Bilbon joko dau 2010eko garagarrilaren 9an, BBK Live jaialdiaren bosgarren edizinoaren barruan, Last Tour International-eko eta Bilboko Udaleko ordezkariek prentsaurrekoan gaur iragarri dabenez. Datozen egunetan talde gehiago jakinarazoko dituela gaineratu dabe antolatzaileek.
Jaialdia garagarrilaren 8, 9 eta 10ean egingo da, Kobetamendiko gunean, eta abenduaren 17an jaialdiaren hiru egunetarako bonuaren eskaintza berezia jarriko da salgai 95 euroan. Eskaintza hori 2010eko urtarrilaren 25era arte egongo da indarrean.
Gasteizko Azkena Rock jaialdian 2006an emondako kontzertuaren ondoren, Pearl Jam Euskal Herrira itzuliko da, 'Backspacer' disko barria aurkezteko Europan zehar egingo dauen biraren barruan. Bilboz gan, Dublin, Belfast, Londres, Arras (Frantzia), Werchter (Belgika) eta Oeiras (Portugal) be bisitauko ditu talde estadubatuarrak.
'Backspacer' Seattle-ko taldearen estudioko bederatzigarren diskoa da, eta 2006an argitaratutako 'Pearl Jam' izenburukoaren lekukoa hartu dau. 'Pearl Jam' diskoagaz, 1990eko hamarkadako talde indartsua itzuli zan agertokietara. 'Backspacer' lan barriak aurrekoaren bidea jarraitu dau eta mundu mailako prentsa espezializatuaren kritika bikainak jaso ditu. Brendan O'Brien izan da produktorea.
Pearl Jam taldeak 1991ean kaleratu eban lehenengo diskoa: 'Ten'. Nirvanaren 'Nevermind' lanagaz batera, Seattle uritik mundura zabaldu zan grunge musikearen ikur nagusia da 'Ten'. Ondoren heldu ziran 'Vs' (1993) eta 'Vitalogy' (1994), ibilbide hasiera bikaina ezarriz. Azken hamarkadan, 'Pearl Jam' (2006) eta 'Backspacer' (2009) diskoei esker, 1990eko hamarkadearen hasieran taldeak izan eban mundu mailako oihartzuna berreskuratu dau.
Talde estadubatuarrak 60 miloe disko baino gehiago saldu ditu bere ibilbidean mundu osoan zehar, eta Neil Young mitikoak talde bezela aukeratu zituan 'Mirror Ball' (1995) diskorako eta ondorengo birarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!