Hainbat ekitaldi Euskerearen Eguna ospatzeko

Bizkaie! 2009-12-03 09:42   Euskerea berbagai

Ekitaldiotako batean, argazki-mosaiko bat eratuko da jentearen argazkiakaz Bilbon. Horretarako, bi stand iminiko dira: bata Arriaga Antzokiaren aurrean eta bestea Moyua plazan. Leku horreetatik pasetan diranei argazki bat atarako jake —egitasmoan parte hartu gura dabenei— eta, gero, mosaiko erraldoi bat osotuko da argazki horreekaz.

Euskerearen Egunaren harian (San Frantzisko Xabierkoa nafarren zaindari eta euskaldun unibertsalaren eguna dala-eta sortu zan ospakizuna, 1949an), Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, argazki-mosaiko bat eratuko da jentearen argazkiakaz Bilbon. Horretarako, bi stand iminiko dira: bata Arriaga Antzokiaren aurrean eta bestea Moyua plazan. Leku horreetatik pasetan diranei argazki bat aterako jake —egitasmoan parte hartu gura dabenei— eta, gero, mosaiko erraldoi bat osotuko da argazki horreekaz. Mosaiko hori honako webgune honetan ikusi eta deskargau ahal izango da: www.azkuefundazioa.org/ee09

Beste hainbat lekutan be ospatuko da gaur Euskerearen Eguna. Mungian, kasurako, Lauaxeta Olerki Lehiaketearen 2. edizinoaren sari-banaketea egingo da. Ekitaldi horretan, poesia sariak emoteaz gan, sari berezi bi emongo dira euskerearen erabilerea sustatzeko egindako lanagaitik: oraintsu hil jakun Paulin Solozabal abadearen omenez izango da sari bat eta, bestea, Mungiako Ikastetxeentzat. Eguna behar dan moduan horniduteko, herritar batzuek Lauaxetaren poema-txatal batzuk irakurriko ditue eta Maddi Oihenart abeslariak musika-ekitaldia eskainiko dau.

Bilboko Udalak, bere aldetik, harrera-ekitaldia egingo dau udaletxeko Arabiar Aretoan eta bertan izango dira, besteak beste, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Ana de Castro euskera zinegotzia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Eusko Jaurlaritzeak be ekarpena egingo dau gaurko egunean. Patxi Lopez lehendakaria Eusko Jaurlaritzearen ekitaldi nagusian izango da, Loiolako Santutegian, Azpeitian (Gipuzkoa). Ekitaldia 12:00etan hasiko da. Ordu horretan, Jose Mari Etxeberria Loiolako Santutegiko gorenak harrera egingo deutso lehendakariari. Ondoren, Lopezek Aita Larramendi euskal jesuitearen obra ezagunenaren zati bat irakurriko dau. Hain zuzen be, 'El impossible vencido'-ren (1729), euskarearen ganean argitaratutako lehenengo gramatikearen, tarte bat irakurriko dau. Idatzia irakurri eta gero, Lopezek euskerearen aldeko adierazpen bat aurkeztu dau.

Diasporan be, egun berezi hau ospatzeko ekimenak antolatu ditue. Bartzelonan, kasurako, Jon Elordik 'Euskara Frankismoan' berbaldia eskainiko dau. Argentinan, bestalde, Tandil herriko Euskal Etxeak alkarretaratzea eta jaia ospatu ditu eta Erroman pintxo dastaketea izango da Asier Oyarzabalen eskutik. Buenos Airesen be eguna ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu