Bilboko hainbat taldek Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatuko dabe Plaza Barrian eta Zazpi Kaleetan

Bizkaie! 2009-11-30 16:52   Euskerea berbagai

EHE, AEK, Zenbat Gara, Hau Pittu Hau, Altxaporrue, Abante, Algara, Tanttaka, Santutxuko Euskerearen Astea, Bilbo Hiria Irratia, Ibaizabal Telebista, Berbaizu eta Lizardi Mintza Taldea lako alkarteek zenbait ekitaldi antolatu ditue Bizkaiko uriburuko Plaza Barrian eta Zazpi Kaleetan.

Bilbon euskalgintzearen alorrean dabilzan EHE, AEK, Zenbat Gara, Hau Pittu Hau, Altxaporrue, Abante, Algara, Tanttaka, Santutxuko Euskerearen Astea, Bilbo Hiria Irratia, Ibaizabal Telebista, Berbaizu eta Lizardi Mintza Taldea lako alkarteek zenbait ekitaldi antolatu ditue Bizkaiko uriburuko Plaza Barrian eta Zazpi Kaleetan, abenduaren 3ko Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko.

Alkarteotako kideek gogoratu dabe Argentinako diasporako euskaldunek antolatu ebela lehenengo aldiz Euskerearen Eguna 1949an, eta aurten, bertan ez eze, AEBetan, Australian edota Katalunian be ospatuko dala Euskal Herritik kanpo.

'Ospakizun horreek Herri baten partaide izatearen birbaieztapen zentzua hartu ohi dabe: behialako sasoietan edo orain ez hainbeste denpora, arrazoi desbardinak tarteko dirala, joan beharrean topau ziranen eta euren sorlekua eta jatorrizko hizkuntzearen zilbor-heste bilakatzen baitira', azaldu dabe.

Euskal Herrian, askok Euskerearen Nazinoarteko Egunaren zentzua hutsitu edo folklorismoz bete dabela kritikatu dabe, 'batzuk akaso, era ez-konsziente batean, eta beste batzuk, barriz, erderearen alde lerrokatuz'.

Holan ba, Bilboko Plaza Barrian eta Zazpi Kaleetan egingo diran ekitaldiakaz ospatuko dabe aitatu taldeek aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Eguna. Arratsaldeko 18:00etan hasita, 'euskerearen geroa diran haur eta gazteentzat' puzgarri eta jolasak izango dira, 19:00etan, 'Zazpi Kaleak musikaz blai' ekitaldia txistulari, fanfarria, trikitilari eta albokariakaz.

Ondoren, 20:00etan 'Euskerearen Pregoia' irakurriko dau Euskaltzaindiako buru dan Andres Urrutiak. Artean, bertsolariak, Bilboko zenbait abesbatza eta jantzariak be bertan izango dira. Ondoren jai girorik ez da faltako Zazpi Kaleetan musikari eta kantariakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu