Nafarroako euskerazko hedabideak, gobernuaren laguntzinorik barik

Bizkaie! 2009-11-27 13:42   Euskerea berbagai

'Nafarroako euskerazko hedabideak gobernuaren laguntzino barik ixtea ez da erabagi teknikoa, erabagi guztiz politikoa baino, helburu garbia dauena: Euskal Komunikabideak gitxiestea, bertako langileak eta ordezkariak mespretxatuz, Nafarroako euskal komunidadea beste behin irainduz eta bide batez legez ezarrita daben betebeharrari uko eginez'.

Nabarreriako Mikel Buldainek, Nafarroako Topaguneako Oskar Zapatak eta Bierrik Fundazinoko Garbiñe Petriatik ondoko idatzi hau aurkeztu dabe gaur Iruñean, Nafarroako euskerazko hedabideen izenean, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzinorik ez emoteko behin betiko erabagiaren urgentziazko balorazinoa eginez:

'Euskarabideako zuzendari-kudeatzaile Xabier Azanzak atzo jakinarazo ebanez, Nafarroako euskerazko hedabideok zentimo bakar bat be ez dogu jasoko, Nafarroako Gobernuak diru laguntza deialdia ez egitea erabagi dauelako. Arrazoia? Horretarako egoan diru kopurua (240.000 euro) Hezkuntza Sailak Ikastetxe edo haurtzaindegiren batean… obrak egiteko behar ei dauela eta hori lehenetsiko dabe.

Arrazoi horri atxakia usaina dario nonahitik begiratuta be. Gure ustez, hau guztia ez da erabagi teknikoa, erabagi guztiz politikoa baino, helburu garbia dauena: Euskal Komunikabideak gitxiestea, bertako langileak eta ordezkariak mespretxatuz, Nafarroako euskal komunidadea beste behin irainduz eta bide batez legez ezarrita daben betebeharrari uko eginez.

Ezerezean geratu da, beraz, Euskarabideak eta Hezkuntza Departamenduak urte osoan zehar, eta garagarrilean emondako hitza. Ezertarako ez dau balio urte osoan zehar aurtengo egoerea konpontzeko inbertidutako ordu eta ahalegin guztiak.

Dudarik barik erabagia finkoa dala jakinik, gure esku dagoan guztia egingo dogu Nafarroako Gobernuaren gainetiko instantziek honen barri jaso daien. Beraz, dei zuzena egiten deutsegu PSN, NABAI, EB, CDN eta zelan ez UPNri be datorren urterako aurrekontuetan euskerazko hedabideok aurten sufridutako kolpe latz hau neurri batean behintzat konpentsau eta aurrekontuan ezarritako 250.000 euroko partidaz gan, aurtengo garagarrilean hitz emondako beste 240.000ak gorde daiezala helburu horretarako.

Azkenik, eta inoren borondate eta asmo personalak dudan jarri barik, dei zuzena egin nahi deutsegu bai Euskarabideako zuzendariari eta bai bere zuzendaritza taldeari hausnarketa sakona egin daien jokatzen ari diran paperaz eta horren barruan erabagi daien aurrerantzean zelan jokatu. Borondateak borondate, Euskarabidea be Nafarroako Gobernuaren parte da, eta egoera honen erantzukizuna hari jagoko zati handi batean. Horretaz hausnartzeko eta koherentziaz jokatzeko eskatu nahi deutsegu guztiei.

Gertatu dana gertatu dala be, euskerazko hedabideen egoerea egonkortzeko Nafarroako Gobernuagaz alkarlanean jarduteko prestutasuna izaten jarraitzen dogu. Beste aukerarik ez dogu: finean, horixe da gure helburua, eta Gobernuaren legezko zeregina'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu