Astindu barriak emon ditue Audience gernikarrek laugarren lanean
2009-11-26 14:54 MusikeaOrain arteko diskoen izenburu guztiek egiten deutse erreferentzia barruan entzuleak topauko dabenari eta, oraingoan be -'A shake in calm water'-, holan dala autortu dabe taldekideek. 'Betiko bidetik jo dogu baina astindu barriak emon deutsaguz, perkusino gehiago sartu dogu, musika-tresna barriak dagoz eta beste estilo batzuen -tangoa, latindar musikea...- eragina be igarten da'.
Aurreko hiru diskoen ibilbidea atzean itxi eta Audience gernikarrek gaur aurkeztu dauen 'A shake in calm water' lanak inflexino puntua ezarri dau taldearen historian, batez be diskoa grabetako erabilitako prozesuari jagokonez. 'Hirugarren diskoko birea egiten gengozala sortutako kanta barriakaz maketa bat grabau genduan, gerora disko honetan batu diran lanakaz, hain zuzen be', azaldu dau Gaizka Insunzak (ahotsa, gitarrea, saxofoia eta pianoa). Beragaz batera, gainontzeko taldekideak be egon dira: Andoni Lauzirika (bajua), Mikel Sagarna (bateria), Hanot Mintegia (ahotsa, gitarrea eta tronpetea), Gaizka Insunza (Ahotsa, gitarrea, saxofoia eta pianoa) eta Ager Insunza (ahotsa, gitarrea, bibolina, pianoa eta Pedal Steel gitarrea).
Ameriketako Estadu Batuetako country ikutua igarten jake kanta barriei eta, ganera, ingelesez dagoz, 'bat eta erdi izan ezik, horreek euskeraz baitagoz', dino Mintegiak. Horretan be, bide bat zabaldu dabela autortu dabe taldekideek eta ez dabe baztertzen aurrerantzean kanta gehiago euskeraz aurkeztera.
'Disko honen barrikuntza nabarmenena prozesuan jarritako esfortzua da. Lehenengo eta behin, kantak sortu barri baino ez egozanean, maketea grabau genduan. Ondorengo erabagietan, azpimarratzekoa da identidade edo nortasun erabagiak hartu izana'. Azalpen hori emon dau Ager Mintegiak diskoa Bidehuts zigiluagaz atarateko hartutako erabagiaren ganean. Bide batez, taldearen inguruan dagozan kolaboratzaileen jarduna eskertu dau, 'diseinatzaileak, irudi eta soinu teknikariak... Horreekaz guztiakaz epe luzerako hartuemonak topetan doguz'. Diskoa aurkezteaz ganera, bideoklipa be erakutsi dabe gaur.
Orain arteko diskoen izenburu guztiek egiten deutse erreferentzia barruan entzuleak topauko dabenari eta, oraingoan be, holan dala autortu dabe taldekideek. 'Betiko bidetik jo dogu baina astindu barriak emon deutsaguz, perkusino gehiago sartu dogu, musika-tresna barriak dagoz eta beste estilo batzuen -tangoa, latindar musikea...- eragina be igarten da', azaldu dau Mintegiak. Horrezaz ganera, grabazinoari jagokonez, 'grabazino analogikoa egin dogu eta zuzenean grabautako sesinoak be entzun daitekez, kantei naturaltasuna emoteko helburuagaz', esan dau Gaizka Insunzak.
Lan barriaren aurkezpen-kontzertua Gernikako Lizeo Antzokian izango da abenduaren 11n 20:30ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!