'Zuztarretatik ahora!' plazan, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko material osogarria haur hezkuntza eta lehen hezkuntzarako
2009-11-18 12:39 kulturbizEgitasmoaren oinarria eta helburua, ondare linguistikoa, etnografikoa eta kulturala batzea eta aztertzea izan da, gero berorregaz Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat material didaktikoa sortzeko. Lana DVD euskarrian kaleratuko da.
Gaur, hilak 18, aurkeztu dabe Zuztarretatik ahora! eskolarako materiala Galdakaoko Musika eskolan.
Ekimen hau Nerbioi-Ibaizabal Bailarako udal batzuek sustatu dabe (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballes) eta Labayru Ikastegia ikerketa-lanaren eta horren ostean sortu dan materialaren egilea da.
Egitasmoaren oinarria eta helburua, ondare linguistikoa, etnografikoa eta kulturala batzea eta aztertzea izan da, gero berorregaz Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat material didaktikoa sortzeko. Lana DVD euskarrian kaleratuko da. Berez ikastetxeetan erabilteko tresna bada be, unidadeak era didaktikorik egokienean atondu dira, eskoletan ez eze gurasoek etxean seme-alabakaz erabilteko be aproposak izan daitezan.
Hau guztiau bideratzeko, orain dala hiru urte hasitako lanetan, 78 barriemoile izan dira tartean eta alkarrizketak bai audio eta bai bideo euskarrietan grabau dira, danetara, 340 bat ordu.
Grabazinootan besteak beste eguneroko bizimoduari buruzko informazinoa, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak, berbak, esaera zaharrak, kantak, bertsoak, eta abar batu dira. Berebiziko garrantzia emon jako ahozkotasunari, gaur egunean ahozkotasunaren berezko transmisinoa galduta edo erdi galduta dagoalako.
Aurkezten dogun tresna hau ezin erabilgarriago eta baliagarriago da ikasleak ahozko komunikazinoan treba daitezen. Duda barik erreferentzia sendoak eta ganorazkoak izango ditue lekukoei grabautako irudi eta barriketaldietan.
Bideoen bidez, hezkuntzako zikloetan antolatuta, ikasleek maila bakotxari jagokozan deskribapenak, kontakizunak, azalpen-testuak… entzun eta ikusi ahal izango ditue. Bideook laburrak dira, baina komunikazino unidade osoak guzti-guztiak.
Ekimen honetako unidade didaktikoak testuz, irudiz eta bideoz hornidurik dagoz, gaika antolatuta. Gai bakotxagaz lantzeko, jarduerak, esamoldeak, hiztegia, argazki galeria eta eskulanak be opesten dira.
Materialaren erakustaldiak
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako eskualdeko material osogarria izanik, ahalik eta etekin handiena atara ahal izateko, ikastetxeetan tresna honen gaineko informazino osoa eukitea derrigorrezkoa da. Horretarako, eginkizun hau errazteko erakustaldiak antolatu dira Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballesko hogei ikastetxetan. Ordubete edo ordu eta erdiko saioak izango dira, eta euretan egitasmoari buruzko informazinoa emongo da: zikloen eta unidadeen antolamendua, DVDaren erabilerea, ikasleakaz materiala lantzeko modu desbardinak, etab.
Lehenengo saioa urriaren 21ean egin zan Basauriko Basozelai ikastetxean, eta ordutik 11 erakustaldi izan dira. Orain arte egindakoak sano arraskastatsuak izan dira, eta parte hartu daben irakasleen jarrerea ezin hobea izan da. Egia esan interes eta jakin-min handia sortu dau hezitzaileen artean.
Erakustaldi honeen arduraduna Miren Ibarluzea da. Labayru Ikastegiko langilea da Miren, eta egitasmo honen didaktika eta testuen ardurea izan dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!