'Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa', euskeraz argitaratutako era horretarako lehenengoa
2009-10-30 09:48 Euskerea berbagaiDanetara, 23.000 kontzeptu batzen ditu, definizinoakaz eta jagokezan erdal terminoakaz (ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak); erderea-euskerea termino-zerrendak eskaintzen ditu: ingelesa-euskerea, gaztelania-euskerea eta frantsesa-euskerea; 607 artikulu entziklopediko ditu, eta 1.500 irudi. CD-ROM euskarria banatzen da liburuagaz batera.
'Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa' aurkeztu dabe bart Chillida-Lekun egindako ekitaldian. Euskerazko zientzia eta teknologiaren lehen hiztegi entziklopedikoa da, hain zuzen be. Elhuyar Fundazinoak eta Euskal Herriko Unibersidadeak, Euskadiko Kutxaren babesagaz, argitaratu daben hiztegi entziklopediko honek zientzia eta teknologiaren 50 alorretako informazinoa jasoten dau eta 200 aditu baino gehiagoren artean egin da.
Aurkezpen-ekitaldian honako honeek parte hartu dabe: Itziar Nogeras Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibersidadeko erretoreak, Antton Gurrutxaga hiztegiaren zuzendariak eta Elias Atutxa Euskadiko Kutxako zuzendari nagusiak. Ekitaldiari amaierea emoteko, hurreratu diran ia berrehun lagunek aukerea izan dabe Joan Mari Irigoienek okasinorako preparau eta irakurri dauen ipuin bat entzuteko.
Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa osotzeko, lau urte luzez ibili da lanean lantaldea. 200 aditu baino gehiago ibili dira lanean. Horreen artean dagoz Euskal Herriko unibersidadeetako zenbait irakasle eta doktore, eta zientzia eta teknologiaren alorrean dabilzan enpresetako zenbait aditu… Hiztegi entziklopedikoaren zuzendari Antton Gurrutxagak adierazo dauenez, 'proiektu honetan 200 adituk baino gehiagok parte hartzea oso pozgarria eta aberasgarria izan da'.
Zientzia eta teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua
Zientzia eta teknologiari buruzko informazino orokor eta eguneratua behar dauen edozeinentzat da obra hau: DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako, unibersidadeko ikasle eta irakasle, kazetari, guraso eta, oro har, zientzia eta teknologiaren inguruan interesa dauen edonorentzat. Obra honek zientzia eta teknologiako 50 alorretako informazinoa eskaintzen dau, honako alor nagusi honeetan multzokatuta: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta gai orokorrak. Danetara, 23.000 kontzeptu batzen ditu, definizinoakaz eta jagokezan erdal terminoakaz (ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak); erderea-euskerea termino-zerrendak eskaintzen ditu: ingelesa-euskerea, gaztelania-euskerea eta frantsesa-euskerea; 607 artikulu entziklopediko ditu, eta 1.500 irudi. CD-ROM euskarria banatzen da liburuagaz batera.
Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoaren lagina http://www.elhuyar.org/edizioak webgunean dago ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!