XI. BAD Jaialdiak arte eszenikoetako barrikuntzearen eta abangoardiaren aldeko apustuari eutsi deutso

Bizkaie! 2009-10-26 14:49   kulturbiz

BAD'09 Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ekimenean, aurten, hogei bat ikuskizun programau dira, erabateko sei estreinaldi, Estaduan lehenengo aldiz taularatuko diran sei antzezlan eta Euskadin debuta egingo daben beste hamar muntaia tarteko dirala.

Urriaren 26tik zemendiaren 8ra bitartean, Bilbo, arte eszenikoen abangoardiaren uriburu bilakatuko da barriro be, XI. BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiari esker. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ekimenean, aurten, hogei bat ikuskizun programau dira, erabateko sei estreinaldi, Estaduan lehenengo aldiz taularatuko diran sei antzezlan eta Euskadin debuta egingo daben beste hamar muntaia tarteko dirala.

BAD 2009 jaialdiagaz bat eginez Bilbon euren lanak aurkeztuko dituen talde edo banakako artisten artean, batzuk Suitza, Frantzia, Belgika, Italia edo Portugal lako Europako herrialdeetatik etorritakoak dira. Era berean, badira Estaduko beste erkidego batzuetatik etorritakoak be, Katalunia, Valentzia edo Madril tarteko dirala; eta horreekaz guztiekaz batera, Euskal Herrian arte eszeniko garaikideen alorrean egiten ari dan lanaren aukeraketa zabala be egongo da.

Bi astetan, Arriaga Antzokia, La Fundicion, Bilborock aretoa eta La Merced ikastetxeko ohiko eszenatokiakaz eta BilbaoEszena baliabide eszenikoen udal zentroagaz batera, antolatzaileek beste esparru batzuk be erabiliko ditue, besteak beste, EITBren multibox aretoa, Zabalguneko merkatu zaharreko atrioa, BBKk Elcano kalean dauen Kultura Aretoa, Mazarredo kaleko Vanguardia arte-galeria, Kafe Antzokia, Ibeni Kaian dagoan Hika Ateneoa edota Artelan Berreginen Museoa. Horrezaz gan, antzezpenak antolatuko ditue ohikoak ez diran beste leku batzuetan; esaterako, Zubiarte merkataritza-zentroko aparkalekuan edo Zorrotzaurren dagoan eraikin industrial batean. Holan, BADek uri osora egingo dau salto, publiko barriek ikuskizun horreeetara hurreratu eta eszena garaikideko lanik barritzaileenez gozetako aukerea izan daien.

Zabaltze ekitaldian Mabi Revuelta artista bilbotarra izango da nagusi, Jaialdiaren aurtengo edizinoko kartel iragartzailearen egilea. Hain zuzen be, kartela programearen atal bilakatu da aurten. Afixaren irudi berezian oinarrituta, Mabi Revueltak balleta eta txotxongiloak buztartzen dituan performancea sortu dau, eta sorkuntza-prozesu guztia azaltzeko, era askotako jarduerak be preparau dira, besteak beste, erakusketa bat, hitzaldi bat eta ikusentzunezko emonaldi bat.

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian ohiturea danez, emonaldiakaz batera, aldi bereko jarduera ugari be programetan dira. Aurten, zinema dokumentalerako tartea berreskuratu da, Badzinema izenekoa, ikusleei, antzezlana asmetan hasi eta oholtza gainean jarri arte gertatzen diran sorkuntza prozesu guztiak eta koreografoek, ikertzaileek, jantzariek eta antzezleek partekatzen dituen gogoetak ezagutarazoteko asmoz.

Horrezaz gan, BAD, abangoardiako arte eszenikoen alorrean dabilzan artista, produktore, sustatzaile eta programatzaileen arteko topaketarako, prestakuntzarako, gogoeta partekaturako eta eztabaidarako hitzordua be izango da. Topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak programan aurreikusita dagozan ekintzak dira, antzezle, egile edo ikertzaileen partaidetzaz gauzatuko diranak. Testuinguru honetan, IETM (Informal European Theatre Meeting) izeneko programatzaile-talde zabal baten parte hartzea nabarmendu behar da. IETM arte eszenikoen alorreko nazinoarteko sare nagusietakoa da, eta aurten, Bilbon egingo dau bere 'bilera-satelite' horreetako bat, nazinoarteko 50 programatzaile eta Estaduko beste hainbat programatzaileren partaidetzaz.

Bestalde, ‘Eszenarekiko hitzorduak’ hitzaldi-zikloan, antzerki-industriako eragile desbardinak batuko dira ikuskizunen sorkuntzea, produkzinoa eta banaketeari lotutako alderdiak aztertzeko asmoz. 'Artistak Egonaldian' atalean, Rosa Casadok, Sandra Fernándezek eta Paloma Callek, udako egonaldian BilbaoEszenaren laguntzaz landu dituen obrak, agiriak eta instalazinoak aurkeztu eta hiru proiektuetarako ikerketa-prozesuak erakutsiko ditue. BADen hamaikagarren edizino hau osotzeko, tailerrak, bideo-jantza, foroak eta sektoreko adituen arteko topaketa profesionalak antolatuko dira.

Gainera, lehenengo aldiz, BAD Bizkaia Antzerkia Jantza aurkeztuko da. Hiru herrik (Arrigorriaga, Bermeo eta Durango) Jaialdiagaz bat egin dabe, bertako biztanleei eszena barriak ezagutarazoteko asmoz. Herri horreeetako aretoetan, BADen hamaikagarren edizinoko hiru ikuskizun programauko dira: 'Diktat', 611 Teatro taldearena, Durangon (zemendiak 7); 'Simple present /presente de indicativo', Paloma Callerena, Bermeon (urriak 30); eta 'Hamster', Juanjo Otero Producciones taldearena, Arrigorriagan (zemendiak 7).

BAD 2009. Egitaraua

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu