Urriaren 30ean hasiko da Udagoieneko Osteraren hamargarren edizinoa
2009-10-26 14:23 kulturbizZortzi emonaldik osotuko dabe hamargarren Udagoieneko Ostera: Lor eta Eraso rock taldeak, Mirande Kabareta, Anari, Mursego, Sorkun, Keu Agirretxea, Kerobia, Komeriaren Klubeko sei aktoreak, DJ Oleaktiff, Ruper Ordorika eta Ken Zazpi.
Urtero-urtero Bizkaiko antzoki handietara euskerazko kultur produkzinoa hurreratzen dauen Udagoieneko Ostera kultur zirkuituak bere hamargarren ekitaldiari ekingo deutso datorren barikuan, urriak 30. Zirkuitua Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak antolatzen dau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzinoagaz. Aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputadu Josune Ariztondok, BBK Fundazinoko Gorka Martinezek eta Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoko Jasone Mendizabal eta Manuel Morenok parte hartu dabe.
Zortzi emonaldik osotuko dabe hamargarren Udagoieneko Ostera, Bizkaiko beste horrenbeste herritan. Zornotza, Ortuella, Bilbo, Durango, Getxo, Arrigorriaga, Zalla eta Santurtzi, horiexek izango dira Udagoieneko Osterearen formato handiko kultur eskaintzak hartuko dituen herriak. Oso herri desbardinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimenak erakutsi gura dau danetan egin daitekela euskerazko kultur eskaintza erakargarria. Morenok adierazo dauenez, urtero, lehentasuna emoten deutsagu euskereak presentzia eskasagoa daben herriei.
Aisialdia euskeraz gozetako aukerea eskaini gura Udagoieneko Osterak; horretarako, funtsezkoa da hizkuntza gozamenagaz, lotzea, Ostera lako zirkuituek egiten daben legez, azaldu dau Topagunearen Zuzendariak, Jasone Mendizabalek. Ariztondok be bide beretik jo dau: egitasmo honi esker, bizkaitar gazteek hainbat ekimenez gozetako aukerea izango dabe eta euskeraz disfrutau euren aisialdia.
Topagunearen Kulturgintza Saileko teknikariak, Manuel Morenok, programearen nondik norakoak azaldu ditu: danetara, hamabi musika eta antzerki talde jarriko ditu jantzan kultur zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Lor eta Eraso rock taldeak, Mirande Kabareta, Anari, Mursego, Sorkun, Keu Agirretxea, Kerobia, Komeriaren Klubeko sei aktoreak, DJ Oleaktiff, Ruper Ordorika eta Ken Zazpi izango dira taula ganean.
Aurtengo programazinoan lau disko barriren aurkezpenak izango dirala azpimarratu dau: Ruper Ordorikak Haizea Garizumakoa disko barria aurkeztuko dau Zallako Zine Antzokian; Kerobiak Papera eta kartoia aurkezten jarraitzen dau eta Areetara ekarriko dau oraingoan bere musika eskaintzea; Anariren Irla izan lana ezagutzeko aukerea Bilboko Kafe Antzokian izango da; eta, azkenik, Elorrioko Lor hirukoteak Rock Terapia eroango dau Zornotzara, Eraso! Taldearen aurre-estreinaldiagaz batera.
Udagoieneko Osteraren programazioa datorren barikuan, urriak 30, hasiko da, Zornotzan, eta abenduaren 26an amaitu Santurtzin.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!