'Erlea' aldizkaria kalean da

Bizkaie! 2009-10-09 12:13   kulturbiz

Danetara, 136 orrialdeko aldizkaria da lehen alea, aldizkaria baino gehiago liburua emoten dauena, argazki ederrez hornidua, alde estetikoari aparteko garrantzia emonaz (Txema Aranazen ardurapean), eta dagoeneko dendetan salgai dagoana, 12 euroren truke.

Bart aurkeztu dabe Erlea kultura aldizkari barria Donostiako Kursaalen. Aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratuko dau lau hilerik behin, eta Jose Irazu 'Bernardo Atxaga' idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratuko da edizinoaz eta diseinuaz. Aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxagak egin dabe.

'Euskaltzaindiak laurogeita hamar urte bete ditu. Era-erara dator, beraz, aldizkaria gure ospakizunetara. Harago doa, alabaina, ahalegin hau, Euskaltzaindiak nahi dauelako present egon euskal kulturearen eremuan, modu aktibo eta esanguratsuan. Erlea aldizkaria da horren erakusle. Lehen-lehena, ez bakarra, gaur eta bihar ikusiko dozuen bezela'. Holan adierazo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak bere poza, Akademiaren poza, Erlea argitaratzen dan unean, 'badodalako, badogulako, esperantza bat: aldizkariak bere bidea egingo dauela munduan zehar, eta hain zuzen be hortara datoz Euskaltzaindiaren zina eta konpomisoak'.

Bere ondoan, Bernado Atxaga be pozik agertu da, eta aldizkariaren ezaugarri nagusiak ezagutzera emon ditu. Aldizkariaren egituraz berba egin dau, baita bere ezaugarri nagusiez be, eta proba bat dala ere esan dau: 'Euskaldunok muga bat gainditu dogu, badogu gune sendo bat, euskal literaturea sustatzeko gitxienezko irakurle kopuru bat; orain erremediorik barik, aurrera joan behar dogu'. Aurrera joateko ahalegin horretan, Erleak be lagundu nahi dau.

Danetara, 136 orrialdeko aldizkaria da lehenengo alea, aldizkaria baino gehiago liburua emoten dauena, argazki ederrez hornidua, alde estetikoari aparteko garrantzia emonaz (Txema Aranazen ardurapean), eta dagoeneko dendetan salgai dagoana, 12 euroren truke.

Far Westen atmosferea dakar Erleak lehen alean: 'Ale bakotxak bere atmosferea izango dau. Nevadan egindako egonaldiak bertako idazleakaz harremanetan jarteko, euskal-amerikarren barri izateko eta abar balio izan euskun, eta hori aprobetxau dogu. Azaletik hasita argazki asko dago, Mendebalde Urruneko idazleen testuak dagoz, garai batekoenak eta gaur egunekoak, euskal jatorria dabenenak eta ez dabenenak', esan dau Atxagak atzo egindako aurkezpenean. Lehenengo alea AEBetako mendebaldean girotua dan moduan bigarrenak Irlandako atmosferea izango dauela, hirugarrenak Afrikakoa eta laugarrenak Suediakoa aurreratu dau dagoeneko Asteasuko idazleak.

Lehen zenbaki honetan parte hartzen dabenen zerrendea oparoa da: Kolesti Agirresarobe, Kepa Altonaga, Pablo Antoñana, Jon Arano, Aurelia Arkotxa, Joxean Artze, Mikel Asurmendi, Jon Aurre, Marisol Bastida, Frank Bergon, Harkaitz Cano, William Douglass, Irati Elorrieta, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Asun Garikano, Jacinto Iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Xabier Kintana, Mariasun Landa, Monique Laxalt, Bruce Laxalt, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Karlos Linazasoro, Ania Miner, Víctor Moreno, Toño Muro, Mari Jose Olaziregi, Lourdes Otaegi, Gloria Totoricagüena, Kirmen Uribe, Andres Urrutia, Gabriel Urza Laxalt, Justin Webster eta Iban Zaldua.

Euskeraz idatzitako testuak eta itzulpenak ditu lehen aleak, eta ondorengo zenbakiek be holan izango ditue. Jatorrian euskeraz idatzitakoak hamarretik zazpi izango dira, eta hamarretik hiru, barriz, itzulpenak.


Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren amaierako ekitaldia gaur, urriak 9, Donostian

Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren amaierako ekitaldi instituzionala egingo da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, goizeko 11:00etan. Egun horretan, agintari publikoak eta gizartearen eta euskalgintzearen ordezkariak hartuko ditu Akademiak.

2008tik dabil ospatzen Euskaltzaindia bere 90. urteurrena. 2008ko urrian Iruñean egin zan XVI. Nazioarteko Biltzarragaz hasierea emon jakon Akademiak bere ospakizunari eta ordutik hona beste hiru ekitaldi egin ditu Euskaltzaindiak: Gasteizen -Arabako Foru Aldundian-, Ipar Euskal Herrian -Hazparneko Elgar Kultura Etxean-, eta Bilbon -Akademiaren egoitzan-.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren azken hitzak entzun baino lehen, Euskaltzaindia: Ekin eta Jarrai argitalpena aurkeztuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu