Bide Ertzeanek bere hamar urteak batu ditu 'Leidor Sessions' lanean

Bizkaie! 2009-09-30 18:10   Musikea

'Disko benetan berezia da. Lehen aldia da zuzenean grabetan doguna. Eta nahi genduan bi lengoia buztartu, guretzat oso buztargarriak diranak, musikearen lengoaia eta zinearena, eta horretarako Modus Operandi produkzino etxea aukeratu genduan, film laburretan eskarmentua daukana'.

Gaur aurkeztu dabe jentaurrean Bide Ertzean taldearen zuzeneko CD-DVDa, 'Leidor Sessions', pasa dan urtarrilaren 16an, Tolosako Leidor antzokian grabautakoa. Taldearen hamar urteko ibilbidea modu dotorean ospatu nahi izan dau Tolosaldeko taldeak, eta bidebatez erakutsi gogotsu dagoala aurrera jarraitzeko. Diskoan kantu barri bat be sartu dabe, 'Graffiti' izenekoa, hain zuzen be.

'Disko benetan berezia da. Lehen aldia da zuzenean grabetan doguna. Eta nahi genduan bi lengoia buztartu, guretzat oso buztargarriak diranak, musikearen lengoaia eta zinearena, eta horretarako Modus Operandi produkzino etxea aukeratu genduan, film laburretan eskarmentua daukana', esan dau Imanol Ubeda taldekideak gaur Donostiako FNAC dendan egindako aurkezpenean. Modus Operandi-ren izenean, Miren Aperribaik adierazo dau estetika intimistea landu nahi izan dabela irudiak filmaukeran.

Leidorreko kontzertu gogoangarrian 22 kantu eskaini zituen, eta horreetatik 16 aukeratu ditue diskorako, tartean ezagunenak, besteak beste, Hiri emanen dizkinat, Hotel Bel Air, Atsegin ditut, Zuk eman eta Zein da bidea.

Horrezaz gan, DVDra dokumental bat batu dabe taldeagaz zeozelako loturea dabenen parte hartzeagaz: Kirmen Uribe, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri idazleak, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu, Kaki Arkarazo produktore musikala eta Xarra Azkarate, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunetako bat.

Zuzenkoari jagokonez, 'joten hasi aurretik tentsino handia izan genduan, gero, bigarren kantutik aurrera lasaiago ibili ginan, eta poza, benetako poza, kontzertua amaitutakoan etorri zan', esan dau Karlos Aranzegi taldekideak. Diskoan ez ei dago aurregrabazinorik, ezta recording-ik. Taldearen aurreko disko guztietan legez, Kaki Arkarazo arduratu da grabazino-lanez. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik lana kalean da honezkero.

Hirukote moduan hasi zan Bide Ertzean, 1998an, eta badira urte batzuk boskote izatera pasau zala. Ondokoak dira taldekideak: Imanol Ubeda, Josi Ubeda, Karlos Aranzegi, Fran Iturbe eta Joserra Senperena.

Tolosako Leidorren bertan, urriaren 23an, DVDa proiektauko da, sarrerea doban izango dalarik. Eta gero kantaldiak etorriko dira: zemendiaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian; 6an, Andoaingo Basteron; eta 7an, Bergarako kultur etxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu