111 Akademiak 'Literaturearen bideak etorkizunean' jardunaldiak antolatu ditu
2009-09-25 13:39 jardunaldiakJardunaldi honeek 111 Akademiak literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko preparautako egitarauaren barruan antolatu dira, Elkar Aretoen lankidetzeagaz. Helburua literatureak etorkizunean har leiken norabideari buruz hausnarketea egitea da.
Jenteak gitxi irakurten ei dau; zein arrazoi egon daiteke horren atzean? Posible ikusten al dozu irakurtea gustetan ez jakon bati horretarako zaletasuna piztea? Egungo bizimoduak daroan norabidea ikusita, irakurketa jokerek norantz joko dabela uste dozu? Paperezko liburua galdu egingo al da? Edizino elektronikoak asebeteko al dau irakurlea? Era horretako galderak abiapuntu moduan hartuta egingo dira 'Literaturearen bideak etorkizunean' jardunaldien barruan antolatu diran bost mahai-inguruak; editore eta idazleak izango dira gai horreen inguruan berba egingo dabenak.
Jardunaldi honeek 111 Akademiak literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko preparautako egitarauaren barruan antolatu dira, Elkar Aretoen lankidetzeagaz. Helburua literatureak etorkizunean har leiken norabideari buruz hausnarketea egitea da. Horretarako, jardunaldi honeen barruan egingo diran solasaldiak literaturearen gaur egungo egoeratik abiatuko dira, lehen analisi orokor bat egin eta hortik etorkizunean topau geinkenera salto egiteko: literaturea paperean noiz arte ikusiko dogun, liburu elektronikoa eta honek irakurzaletasunean izan leiken eragina...
Esan bezela, datorren eguenean hasita, urriko bost eguenetan bost mahai-inguru egingo dira Donostiako, Bilboko, Gasteizko, Iruñeako eta Baionako Elkar aretoetan, guztiak arratsaldekoko 19:00etan hasita. Donostiakoan editoreak izango dira solaskide, eta ganerakoetan idazleak.
Egitaraua
- Donostia. Urriak 1:
Parte-hartzaileak: Gorka Arrese, Inazio Mujika eta Xabier Mendiguren. Moderatzailea: Juan Luis Zabala.
- Bilbo. Urriak 8:
Parte-hartzaileak: Irati Jimenez, Gotzon Barandiaran eta Goizalde Landabaso. Moderatzailea: Patxi Gaztelumendi.
- Gasteiz. Urriak 15:
Parte-hartzaileak: Iban Zaldua, Katixa Agirre eta Patxi Zubizarreta. Moderatzailea: Ibon Egaña.
- Iruñea. Urriak 22:
Parte-hartzaileak: Aingeru Epaltza, Juanjo Olasagarre eta Patziku Perurena. Moderatzailea: Patxi Gaztelumendi.
- Baiona. Urriak 29:
Parte-hartzaileak: Itziar Madina, Eneko Bidegain eta Itxaro Borda. Moderatzailea: Juan Luis Zabala.
Bost solasaldietan, beraz, gai bera landuko da, eta ondoren, solasaldi guztiek emon dabenaren ondorioak jasoko dituan Beterriko Liburua aldizkariaren ale monografiko bat argitaratuko dau 111 Akademiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!