Mikel Atxaga kazetari, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea hil da
2009-09-11 11:05 kulturbizIdazle, kazetari eta itzultzaile, diktadura sasoian hainbat ezizen erabili zituan idazteko: Errialde, Mutiozabal, Irastortza, Iraola... 1971n, Zeruko Argia-n hasi zan lanean eta 1977tik orain dala urte bira arte Deia egunkariko kazetaria izan da. Horrezaz ganera, 'Deiadarrak', 'Gaztetxo', 'Ezkontza bidean' eta 'Xalbador' obrak idatzi ditu, azken hori Bidegileak bilduman.
Mikel Atxaga kazetari, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea atzo, irailaren 10ean, hil zan, 77 urte zituala. Haren aldeko hileta eleizkizuna bihar, irailak 12, izango da, Donostiako Amara auzoan -bertoko Olaeta plazan- dagoan Nuestra Señora del Rosario eleizan, arratsaldeko 19:30ean.
Mikel Atxaga Fernandez Urnietan sortu zan, 1932ko abuztuaren 25ean. Euskal kazetaritzearen biderakusle izan zan: besteak beste, 1971n, Zeruko Argia aldizkarian hasi zan lanean. 1975eko bagilaren 27an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban.
Mikel Atxagak Saturraranen egin zituan lehen ikasketak, hango apaiztegian. Gero, Gasteizen eta Donostian Filosofia eta Teologia ikasi zituan, baita latin ikasketak amaitu be. Lourdesen emon eban lehenengo mezea, 1958. urtean, eta abade legez jardun eban, Aizarnan -11 urte- eta Usurbilen. 1974an, abade izateari itxi eutson eta kazetaritzeari ekin.
Zeruko Argiaz gan, Jakin eta Aurrera aldizkarietako kolaboratzaile izan zan. Eguna egunkarian be lan egin eban, eta 1977az geroztik, Martin Ugalde zanak eskatuta, Deia egunkarian hasi zan lanean. Jubilau ostean be, hor jarraitu eban idazten 2007ra arte.
Azken 10 urteotan, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen dauen Bidegileak bildumearen koordinatzaile eta zuzendaria izan da Mikel Atxaga.
Euskerearen Aholku Batzordeko kide izandakoa da eta Lasarteko Landaberri eta Usurbileko Udarregi ikastolen sortzaileetarikoa. Donostiako Ikasbide ikastoletako partaidea be bazan.
1998. urtean, Rikardo Arregi kazetaritza saria emon eutson Andoaineko Udalak eta 2009an, Merezimenduzko Argia Saria jaso eban Atxagak. Holan azaldu eban saria Argia astekariak: 'Aldaketa, ilusino eta nahasmentu handiko sasoiak egokitu jakozan euskerazko kulturgintzeari eta euskerazko prentsari 1970eko hamarkadan. Ikurriña eukitea delitu zan garaietan, euskerazko izenak jartea galarazota egoanean, ez partidu politikorik eta ez sindikaturik ez egoanean... Sasoi trumoitsu hareetan kazetaritzea egin eban gure gizonak'.
2009ko apirilaren 1ean Donostiako Miramar Jauregian omendu eben. Ekitaldian, Elixabete Garmendia kazetariak idatzitako 'Mikel Atxaga bidegilea' izeneburuko liburua aurkeztu zan.
Argitaratutako lan nagusiak:
· Gaztetxo, 1963
· Ezkontza bidean, 1966
· Ohiturak
· Mundua, guztioi erakutsia. Itzulpena. 1969
· Komunikabideen beharra. 1977
· Deiadarrak. 1993. (Deian argitaratutako artikulu bildumea)
· EAJ eta euskara (ehun urteko bide malkartsua)
· Gerra aurreko eta ondoko euskalgintza
· Gure Urnieta
· Xalbador (Bidegileak bilduman)
· Euskal emakume idazleak (Bidegileak)
· Sabino Arana (Bidegileak)
· Jaime Kerexeta (Bidegileak)
· Itzulpenak: Tintin komikiaren zenbaki bat eta Euskal Herriko Atlasa (alkarlanean)
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!