Paulino Solozabal 'Egieder' goian bego
2009-09-07 11:27 kulturbizPasa dan martitzenean hil zan Mungian Paulino Solozabal (Etxebarria, 1912; Mungia, 2009). Mungiako abadea izan zan ia bizitza osoan, bai eta etorri handiko olerkaria be. 'Eguna', 'Karmel', 'Olerti' eta beste hainbat aldizkaritan olerkiak argitaratu zituan, eta hamabost bat olerki liburu be plazaratu zituan.
Pasa dan martitzenean hil zan Mungiako bere etxean Paulino Solozabal (Etxebarria, 1912; Mungia, 2009). Mungiako abadea izan zan ia bizitza osoan, bai eta etorri handiko olerkaria be. 'Eguna', 'Karmel', 'Olerti' eta beste hainbat aldizkaritan olerkiak argitaratu zituan, eta hamabost bat olerki liburu be plazaratu zituan, askotan Paulin eta Egieder ezizenak erabilita.
1912an jaio zan Etxebarrian eta Gasteizko seminarioan egin zituan ikasketak. 1936ko bagilaren 2an abadetu eta Mungiara joan zan; 66 urte eroiazan Bizkaiko herri honetan abade lanetan. Euskereagazko eukan ardurea bere poemetan islaturik gelditzen zan. Euskal kulturaz eta Euskal Herriaz gan, zoriontasunaz, naturearen mirariez edo zoriontasunaz idazten eban. Euskerazaleak alkartearen kolaboratzaile be izan zan. Euskera batua, 'erdal joskeraz beteriko euskerea', ez eban oso begiko eta herriko euskerea, baserrikoa defendiduten eban.
1961ean argitaratu eban lehenengo liburua, 'Uskeriak' izenekoa; han agertzen ziran Solozabalek bere olerkigintzan behin eta barriro jorratuko zituan gaiak: fedea, naturea, lurra, euskerea eta abar. Liburu harek Santi Onaindiaren hitzaurrea ekarren, izan be, Solozabalen lagun mina zan Onaindia, eta bultzada handia emon eutson literaturan lehenengo pausuak emon ebazanean.
Herriko belaunaldi barriei euskal kulturea transmitiduteko ahaleginean ibilten zala beti nabarmentzen dabe ezagutu ebenek. Ahalegin handia egin eban folklorearen berreskuratze lanetan. Poesiaz gan, musikeagazko zaletasun handia eukan eta Mungiako parrokian txistua joten erakusten eban, baita euskal kantuak be.
Pasa dan eguenean egin ziran Mungian Paulino Solozabalen aldeko hileta eleizkizunak, Ricardo Blazquez gotzainak eta beste 30 abadek eskainita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!