300 eskaera baino gehiago 'Euskaraz seguruago' kanpainan
2009-06-16 12:24 Euskerea berbagaiHonezkero 388 eskaera jaso ditu Kontseiluak eta kanpainearen bitartez, herritarrek egindako eskaereari erantzun guran, Euskal Herrian lan egiten daben 65 aseguru-etxeri egingo jake euren zerbitzuak euskalduntzeko eskaerea.
Joandako apirilean Kontseiluak, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 'Euskaraz seguruago' kanpainea abiatu eben, herritarrek aseguru-etxeek eskaintzen daben zerbitzua euskeraz be jasoteko helburu dauena. Kanpaineak erantzun zabala izan dau orain arte, izan be, honezkero 388 eskaera jaso ditu Kontseiluak. Kanpainearen bitartez eta herritarrek egindako eskaereari erantzun guran, Euskal Herrian lan egiten daben 65 aseguru-etxeri egingo jake euren zerbitzuak euskalduntzeko eskaerea.
Kontseiluak bultzatutako eragin-dinamiken bidez, lagundu eta eragin nahi dau entidadeek zerbitzua euskeraz emotea, baita lana euskeraz egitea be. Horretarako, Euskal Herri mailako lanketa bereziak egiten dihardu, 'Euskaraz seguruago' kanpainea, kasu. Dinamikeak aurrera jarraitzen dau eta bagilaren amaiera arte euskaltzale guztiek aseguru-etxeetan eragiteko aukerea izango dabe norbere aseguru-etxeari eskabide-orria bialduz. Norbanakoek Kontseiluaren webgunearen bitartez (www.kontseilua.org) eskuratu ahal izango ditue eskaera-orriak, bertan dagoan 'Euskaraz seguruago' atalean. Gainera, datuak web-orrian sartzeko eskatuko jake, aseguru-etxeei zuzendutako eskari zabaletan erabilteko.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea dau helburu Ziurtagiriaren Elkarteak. Helburu hori lortzeko ezinbesteko garrantzia dauka entidade baten hornitzaileek egiten daben lana be euskalduntzeak. Hornitzaileen atal horretan dagoz, besteak beste, aseguru-etxeak; arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragin ahal izateko, derrigorrez euskaldundu behar diranak. Besteak beste, 534 entidadek ezin dabe zerbitzua eta lana euskaraz maila eskuratu, euren aseguru-etxeak ez deutselako euskerazko zerbitzurik emoten.
Bestalde, aseguru-etxeek eskaintzen dituen hainbat zerbitzu nahitaezkoak izanik, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko derrigortasun handiagoa izateko garrantziaz ohartu dau Behatokiak.
'Bagilaren amaierara arte, beraz, norbanako euskaltzaleei eta era guztietako gizarte-eragile eta entidadeei dei egin nahi deutsegu aseguru-etxeei eskabide-orria bialtzeko, herritar guztiek aseguru-etxeek eskaintzen daben zerbitzua euskeraz jaso daien'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!