Bilboko Artelan Berreginen Museoak Museoen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau
2009-05-15 15:23 kulturbizBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak Museoen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau domekan, hilak 17, zinea, musikea eta antzerkia buztartzen dituan ekitaldi-sorta baten bidez.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak Museoen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau domekan, hilak 17, zinea, musikea eta antzerkia buztartzen dituan ekitaldi-sorta baten bidez. Egun berezi horretan, Mariaren Bihotza Eleizara inguratzen diran guztiek Museoa doban bisitau eta familia osoarentzako ikuskizunez gozetako aukerea izango dabe. Goizeko 10:00etatik 22:00ak arte zabalik egongo da.
Aurtengo egitaraua Nazinoarteko Museoen Kontseiluak proposaturik, 'Museoak eta Turismoa' gaiari lotua egongo da. Holan, Mariaren Bihotza Eleizan 10:30etatik aurrera 'museoan dagoan berreginen bilduman zehar egingo dan bisita bategaz, munduko beste museo batzuetatik zehar' ibilteko aukerea egongo da. 'Europa zure esku, 8 museo 90 minututan' bisita gidatu honetan, ikusleek Parisko Louvre edo Erromako Vatikano Museoen zehetasunak ezagutu ahal izango ditue, Victoria de Samotracia eta Laocoonte dituenak, eta euren berreginak Bilboko Museoan ikus daitekez.
Umeentzako tailerrak eta musikea
Era berean, 10:00etan, etxeko txikiek eta eurekaz hurreratzen diran nagusiek be bisita-tailer bategaz gozau ahal izango dabe. Bisita-tailerra, 'Zenbat museo ezagutzen dozuz?' izenburupean, 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei Mariaren Bihotza Eleizan aurkitzen diran berreginen originalak non dagozan azalduko jake. Ondoren, proposatuko jaken jolas batez bidez, bisitau dituen obrak eta euren museoak bikotean jartea eskatuko jake.
Umeentzako jarduerakaz aurrera eginez, 12:30etan, kontzertu didaktikoa eskainiko dau Opera Divertimento taldeak, Wolfgang Amadeus Mozarti eskainitakoa. Ikuskizun honetan, Ana Isabel Salomón sopranoak, Andoni Barañano tenoreak, errepaso jostagarria egingo deutse lirikako doinurik ezagunenei, umeak musika-genero honegaz zaletzeko asmoz.
Antzerkia eta zinea
Arratsaldean, helduentzako antzerkiaren eta zinearen txandea izango da; 17:00etan, Leire Olaran eta Urtza Zuazo antzezleek Museotik zehar egingo daben bisita antzeztu bat gidatuko dabe, bildumako obra ezagunenak bisitauko diralarik.
Eta egunari amaierea emoteko, 20:00etan, Txatarreria Keaton arabar talde bereziak, soinu bako zinearen eta zuzeneko musikearen ikuskizun bitxi bat eskainiko dau. Buster Keatonen zenbait pelikuletatik abiatuz, Arturo Blasco, Bingen Mendizabal, Nika Bitchiashvili eta Alex Ruiz de Azua musikariek mota guztietako musika tresnak erabiliko ditue pasa dan mendeko zine saioak berregiteko.
Museoan Nazinoarteko Eguna mundu osoan ospatzen da 1977 urtetik hona (ICOM edo International Council Of Museums — Nazinoarteko Museoen Kontseilua-) erakundearen ekimenez. Egun honek museoei eta bertako profesionalei, gizartean euren lanak ezagutzera emoteko aukerea emoten deutse. Bide batez, Gobernuei erakunde kultural honeen funtzino eta beharrizanen inguruan euren arreta erakartea bilatzen dau ekimen honek eta baita, alkarrizketarako konbita egitea disziplina eta espezialidade desbardinetako profesionalen artean. Museoen Nazinoarteko Egunean museoak bisitetea gizadiaren sormeneko 40.000 urteen ospakizunean parte hartze aktiboa egiteko aukerea da eta era honetan ondare unibersalaren zainketan be.
Bilboko Artelan Berreginen Museoa igazko zemendian berredegi eben Mariaren Bihotza eleiza zaharrean daukan oraingo kokalekuan, eta Bizkaiko uriburuko museorik zaharrenetakoa da. Orain 80 urte sortua, era honetako museorik onenetakoa da, bilduman dituan artelan berreginen kalidade eta zabaltasunari erreparauta. Eskultura arloko garai guztietako artelan handien kopia zehatzak batzen ditu, besteak beste, Samotraziako Garaipena, Milosko Venus edota Migel Angelen Moises. Ia hamar urtez zarratuta egon ondoren, gaur egun aparteko eraikin batean kokatu izanaren balio erantsiaz aurkezten da publikoaren aurrean, estilo gotiko barrian diseinautako XIX. mende amaierako eleiza zahar batean, hain zuzen.
Bilboko Artelan Berreginen Museoa
Mariaren Bihotza Eleiza
San Frantzisko, 14 BILBO
www.bilbokoberreginenmuseoa.org
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!