Hainbat sindikatuk Korrika 16gaz bat egin dabe

Bizkaie! 2009-03-09 10:16   Euskerea berbagai

CCOO, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariek, Korrika 16ren mezuak dinoan moduan, 'euskeraz bizi gura dogunon herrira datozan guztiei ondoetorria emoten deutsagu'.

CCOO, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariek Korrika 16gaz bat egin dabe. Ekimenaren arduradun Edurne Brouard eta AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika izan dira sinatze-ekitaldian eta CCOOren izenean Jesus Uzkudun, ELArenean Leire Txakartegi, LABen izenean Jagoba Zulueta, EHNErenean Ainhoa Iturbe, ESKrenean Josu Balmaseda, HIRUrenean Estitxu Ugarte eta Arantza Fernández de Garaialde, STEE-EILASen izenean egon dira.

Korrika 16ren mezuak dinoan moduan, 'euskeraz bizi gura dogunon herrira datozan guztiei ondoetorria emoten deutsagu', esan dabe bozeroale lanetan ibili diran Leire Txakartegik eta Jesus Uzkudunek.

AEK-k eta Korrikak euskerearen normalizazinoaren alde egiten dabela lan eta euskaldunok leku guztietan (lantokian, kalean, etxean, baserrian...) euskerea erabilteko eta euskaldundu gura dabenek euskerea ikasteko aukerea izatea dala euren erronkea gogoratu dabe sindikatuen ordezkariek.

Sindikatuen ordezkariek enpresetan garatu diran eta eskatu izan dituen euskeratze planak asko dirala eta lan-giroa euskeraz izan daitezan lanean dabizala esan dabe. Holan, Korrikak euren aldarrikapenakaz bat egiten dabela be azpimarratu dabe: Korrikak personen eta erakundeen konpromisoari deia egiten deutson moduan, sindikatuek be 'gutariko bakotxaren konpromisoari' dei egiten deutse, lan lekuan zein eguneroko bizitzan euskeraz jarduteko.

'Euskereak, Korrikak legez, pausua arin eta geratu barik emon behar dau aurrera. Horretarako, danok parte hartzea derrigorrezkoa da', adierazo dabe Txakartegik eta Uzkudunek, alkartutako sindikatu guztien izenean. Bide batez, Tuteran martiaren 26an hasi eta Gasteizen apirilaren 5ean amaituko dan 16. Korrikan parte hartzeko deia egin deutse gizarte osoari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu